Festei hasiera emateko etxajua pizteko herritarrik aukeratuta ez badago, Javier Zelaia Etxarri udal langilea arduratzen da hura pizteaz. Baina, aurten, egitekoa Sakanan erroak dituzten bi argentinarrekin partekatu zuen. Severino Hugo Ravera Irigoien eta Juan Senar Gomez izan ziren Urdiaingo festei hasiera ematen zien etxajua piztu zutenak. Biak ere argentinarrak sortzez, aurrenak Urdiainen du familia, hurrenak Unanun. Ravera San Miguel del Monten bizi da, Buenos Aires probintzian. Bere aitona Severino Irigoien izan zen Urdiain utzi eta Argentinarako bidea hartu zuena. Laugarren aldia du Urdiainen bisitan.
Senar Tupungaton bizi da, Mendoza probintzian. Antonio Galartza lehengusuagatik du Unanurekin lotura. Unanura aurrenekoz 9 urterekin etorri zen, aitarekin batera. Orduko hartan aitona-amonak ezagutzeko aukera izan zuen.
Etxajuak festa piztu ondoren, Urdiaingo Udalak joan zen urtean jaiotako haurrei harrera egin zien. Udalak bosti gonbidapena bidali bazien ere, festetako ttattarra jaso zuten gurasoen besoetan zeuden Bidane Galarza Azpilikuetak, Jare Zeberio Lopez de Goikoetxeak eta Hegoi Mendinueta Gasanzek. Auzatearekin batera Sakanako Aizkolari Eskolakoek erakustaldia eskaini zuten. Enbor gainean zutitu ziren: Aitor Saralegi irurtzundarrak eta Aritz Oiarbide etxarriarrak bikotea osatu zuten Oier Mitxelena altsasuarraren eta Ioan Goikoetxea urdindarraren kontra neurtzeko. Gainera, Eneas Aristizabalek, Urko Oiarbidek, Enaitz Uriak eta Asier Galartzak aizkora erakustaldia eskaini zuten. Estefi Etxebeste eta Jon Lapazaran fardo eta ingudea altxatzean aritu ziren.