Astekaria

"Auzolanik egiten ez bada, hobe ez egitea"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko urriaren 7a

Tomas Etxarri, Pello Senosiain eta Juan Manuel Galarza Benignoren omenaldiaren antolatzaileak.

Benigno Mendia urdindarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean 'Hamarretatik hamar!' egun osoko omenaldia antolatu dute. Antolakuntzan, besteak beste, Juan Manuel Galarza, Tomas Etxarri eta Pello Senosiain daude.

Omenaldia urriaren 11n, larunbata, izanen da (12:00etatik aurrera), Urdiainen. 

1. Nor zen Benigno Mendia?
Urdiainen pertsona berezia zen; jende asko berarengana joaten zen. Berak pentsamendu eta adin desberdineko jendea biltzen zuen; ez dakigu nola baina denak elkartzen zituen. Jendea batzeko dohain berezi bat zuen; lan egiteko, juergarako... Hainbat arlotan ibiltzen zen: ikastolan, Bildun eta HBn aurretik, herrigintzan... Zerbait berezia zeukan. Oso baikorra zen ere, beti aurrera egiten zuen. Gauzak ezkor ikusi beharrean, buelta ematen zion. Denok batera egin behar genuela esaten zuen, hori da herria egitea. Errespetu guztiarekin egiten zuen; ez dakigu nola, errezeta hori ez daukagu. Errezeta hori zen Benigno. 

2. Zergatik omenaldia antolatu?
Benignoren heriotzaren hamargarren urteurrena da. Data berezia da, eta pentsatu dugu omenaldia egitea eta egun polita bat pasatzea. 

3. Nola antolatu duzue? 
Garaiz pentsatu genuen, duela urte eta erdi gutxi gora behera eta geldi-geldi lotu dugu dena. Bere plaka aldatzeko zegoen eta esan genuen: Egingo dugu zerbait? 

4. Eta jendea batuz joan da. 
Ezta aterik jo behar Urdiainen. Benignori omenaldia egin behar diogula esan, eta ateak zabaltzen dira. Jendea prest dago. Hasieran esan genuen plaka hondatuta zegoenez, konpondu, aldatu eta auzate bat egitea. Gero zer egingo dugu? Bazkari bat? Batekin eta bestearekin hitz egin eta taldea handitzen joan da. Jendea prest agertu da: "Zer egingo duzue? Ni ere prest nago!". Sakanako toki askotatik etorriko da jendea, Ziorditik Lakuntzara ia herri guztietatik. Urdindarra zen, baina internazionala. 

5. Zenbat pertsona ari zarete lan taldean? 
Bost edo sei pertsona. Printzipioz top secret zen, eta pixkanaka zabaldu zen. 

6. Auzolana ere izango da?
Garbi dago. Horrelako festa bat, Benignoren izeneko festa bat, auzolanik ez bada egiten, hobe ez egitea. Hura zen auzolanen defendatzailea eta sortzaile izugarri bat. Orduan, horrela festa baterako zer egin behar genuen, bazkaria eskatu? Ezta pentsatu ere. Guk egin behar dugu dena. Berarendako dena auzolana zen. 

7. Ez da egiten zaion lehenengo omenaldia, ezta?
Bai, lehenengo omenaldia bada. Hil ondoren plazan plaka jarri zen eta festa txiki bat egin zen, eta orain data berezia denez zerbait merezi zuela pentsatu genuen eta horrela sortu zen. Hasieran gauza sinplea izan behar zen, baina jendea animatuz joan da. Gazteak inplikatu dira ere.  

8. Eta errepikatuko duzue? 
Aurrekoan batek esan zuen: Zergatik ez dugu urtero egiten? Eta zergatik egin behar dugu urtero? Egun bat da. Gero pentsatuko dugu. Haren figura ez dugu sekula ahaztuko. Egunero agian ez da etortzen, baina egun askotan tap! Burura etortzen da. Hark zer egingo zuen? Aurrera egingo zuen. 

9. Filosofia horrekin prestatu duzue? 
Ahal duguna, bai. Saiatu gara. Gazteek ere jaso dute; iritsi zaie. Hazia bota zuen eta loratzen hasi da. Badira asko ezagutu ez zuten gazteak, baina berari buruz hitz egitean zerbait geratu da. Urtero loretxo bat ateratzen dela uste dugu. 

10. Zer prestatu duzue?
12:00etan etxajua, aurreskua, auzatea eta txaranga izango dira. 14:00ak aldera bazkaldu eta ondoren kantaitan Haritz eta Amaiurrekin. Haren omenezko bideo bat muntatzen ari gara, eta proiekzioa egingo dugu. Sekretua da, ez dakigu zer atera behar den. Taldeko pertsona bat ari da horrekin, eta polita da hori. Bokata batzuk, eta gero gorputzak aguantatzen duen arte kontzertuak. Bera egongo balitz seguru bere ukitua emango ziola.  

11. Zein izango da unetxorik gogokoena? 
Egun osoa, baina politena hasiera izango da. Etxajua botatzeko momentu hura. Urduri xamar gaude. Hasieran esaten genuen: egingo dugu... Eta eguna ari iristen den heinean urduritzen ari gara. 

Erlazionatuak