Urdiaingo herri eskolako guraso elkarteak egindako inkesta baten erantzunetan agerian gelditu ziren ikastetxearen egitura eta zerbitzu gabeziak: patioa, jangela, ikasgelen tamaina eta abar. Horregatik, eta eskola udal eraikina delako, guraso elkarteko kideek erabaki zuten herri guztira zabaldutako hausnarketa prozesua egitea. Orekari arkitektura estudioaren laguntzaz, Urdiainen herri eskola hobetzeko komunitate hausnarketa prozesua abiarazi zuten irailaren 16an, eta lastailaren 21era arte iraun du. Sei saio izan ziren, Zaindu dezagun Urdiain. Haurren herria, denon eskola lelopean egin dituztenak.
Guraso elkarteko kideek azaldu dutenez, "prozesuak aho zapore gozoa utzi digu". Aurreneko saioan, inspirazio saioan, 30 pertsonek parte hartu zuten, adin guztietakoak, tartean eskolara seme-alabak eramaten dituzten gurasoak eta urdindarrak. Gaztigatu dutenez, alkatea eta zinegotzi batek ere parte hartu dute prozesuan. Antolatzaileak pozik daude prozesuan izan den parte hartzearekin. "Familiak aktibatu ditugu, dauden premiak konpontzeko beharra ikusi dute. Bestalde, haurrek arkitekto taldearekin harremana izan dute eta beraien eskola nolakoa izatea nahiko luketen adierazi diete". Nabarmendu dutenez, "epe laburrean nolako eskola nahi dugun adostu dugu hainbat pertsonen artean". Horri garrantzia eman diote.
Baina bidea ez dela bukatu gaztigatu dute. "Azaroan itzulera saioa eginen dugu". Hau da, jasotako ideiekin ondutako eskola berriaren zirriborroa aurkeztuko dute. Proiektua abendurako eginda izanen dutela aurreikusi dute. Bestetik, dagoeneko Hezkuntza Departamentuko ikuskariari bilera eskatu diote. "Parte hartze prozesuaren eta izan duen emaitzaren berri eman nahi diogu". Aldi berean, udaleko kide guztiei prozesuaren emaitza aurkeztu nahi diete.
Urdiaingo eskola 1952 urtekoa da. Ikastetxeak 483 metro karratu ditu eta beste 26 metro karratuko portxea. Aldamenean 397 metro karratuko kirol pista du.