Maiatzaren 16an Urdiainek XX. Aitzkibil Elkartasun krosa hartuko du. Azkenaldi honetan lasterketetan urdiaindar kuadrilla ederra ari da parte hartzen, bai korrika eta baita txirrindularitza eta duatloi probetan ere, Altsasuko Duatloian, tarteko. Horietako bat da Jon Mendia Irigoien. Aitzkibil lasterketan "gehienok korrika ibiliko garela" uste du Mendiak. "Lagun batek bizikleta taldean galdetu du ea norbait prest egongo litzatekeen bizikletarekin lasterketa zabaltzeko, edo ixteko. Beraz, behar izanez gero proban lagunduko dugu, eta, bestela, korrika egingo dugu".
Urdiaingo kuadrilla
Urdiaindar talde majoa ari da lasterketetan, mendi edo trail probetan bereziki. "Aurretik denok betiko kirolak egiten genituen: pilota, irristaketa, txirrindularitza, saskibaloia, futbola... denetatik. Korrika hasteko zaletasuna pixka bat heldutzen hasi garenean sortu zaigu". Kuadrillako Aritz Irigoienek Sakanako Ibilaldia egin zuenean hasi omen zen kontua. "Duela hiruzpalau urte Ibilaldi Luzea egin zuen, eta esaten zidan elkarrekin egin beharko genuela. Nik orduan futbolean jokatzen nuen, azken urtea izan zen, eta hortik aurrera, pikatu nintzen".
Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria izan zen bere lehen proba. "Sarabe Arakamak aurreko urtean parte hartu zuen, eta hurrengorako animatu beharra genuela esaten zigun. Ander Galarzak ere aurretik eginda zuen. Eta hala egin genuen, hurrengo urtean kuadrillako batzuk joan ginen. Gainera, Saraberen bikotea Etxarrikoa denez, bazkaria egin genuen bere elkartean eta oso gustura egon ginen. Uste dut gutxi gorabehera hor hasi zela taldea pixka bat gehiago forma hartzen" gogoan du Mendiak. "Herriko beste gazte batzuk, Patxi, Ibai eta beste korrika ibiltzen ziren, eta animatu genituen. Horrela, korrikako whatsapp taldea sortu genuen. Bakoitzak proposamena egiten du, zein proba egin nahi duen, eta animatzen dena animatzen da".

Whatsapp talde horretan "zazpi-zortzi korrikalari" daude. "Gehienbat mendiko lasterketetan ibiltzen gara, baina Sakanako asfaltozko herri lasterketetan ere bai, jakina". Proba laburretan hasi ziren, baina batzuek luzeagoetara animatu dira: Olatzagutia-Urbasa, Lakuntza-Aralar, Trikutrail... "Ezberdinak, baina bikainak dira denak: Urbasakoa primerakoa; Lakuntza-Aralarreko ibilbide luzea pasada bat, Hirumugarrietarainoko bidean sekulako parajeak daudelako; Trikutrail oso polita, igo eta jaitsi; Mendira Joan Etorria berezia, lehena izan zelako... Batzuek ibilbide motzak egiten dituzte, eta besteek luzeak".
Mendiak mendi lasterketen denboraldia mustu du. "Apirileko azken asteburuan Mendaurren egon nintzen km bertikal batean. Lakuntza-Aralarrera nik ezin dut joan baina taldekoak joango dira, eta gero Camille Extreme eta Trikutrail egiteko asmoa dut. Ahal den heinean, bertakoak egiten saiatzen gara".
Jon Mendia: "Ahal dugun heinean bertakoak, Sakanako probak egiten saiatzen gara"
Bizikleta
Korrika egitea gutxi ez, eta duela urtebete bizikletarekin hasi zen. "Herriko batek bizikleta saltzen zuela, eta animatu nintzen". Tropela izeneko herriko whatsapp taldean partekatzen dituzte entrenamendu, irteera eta beste. "Gazteak, helduagoak... denetarik gaude". Taldeko batzuek La Peluso egingo dute larunbatean. Ibilaldi Luzean eta Ertainean San Miguel dute aurretik, eta egunotan bertan aritu dira entrenatzen. "Udan Transpirenaica bizikletan egin nahi dugu bizikleta taldeko sei kidek eta prestatzeko berotu eta La Peluson eman dugu izena. San Miguel pistako igoera gogorra da. Ea zer ateratzen den".
Dena ez da kirola. Proben ondoren pote batzuk gustura hartzen dituzten horietakoak dira. "Hor kokatuko nuke urdiaindarren giroa. Ez gara errendimendua topera bilatzen dugun horietakoak. Gustatzen zaigu, baina muturrera eraman gabe. Bakoitzak bere buruarekin duen erronka da garrantzitsuena".
Bi taldeetan giro ederra dutela agerikoa da. Lasterketetara elkarrekin joan, eta horrek egun pasa egiteko aitzakia ederra ematen die.
Jon Mendia: "Aitzkibilen, beharra badago lagunduko dugu; bestela, korrika egingo dugu"
Aitzkibilera animatu
Aitzkibilen izena eman eta parte hartzera animatu ditu sakandarrak. "Nik orain arte ezin izan dut egin, urtero pena horrekin, eta aurten gustura ariko naiz. Ibilaldi laburra egingarria da pixka bat ibiltzen den jendearendako". Beraz, ez dago aitzakiarik. "Aitzkibilek Yala Nafarroa lagunduko du; Palestinari elkartasuna adierazteko egun polita izango da Urdiaingoa".
