Urdiaingo herri eskolako guraso elkarte berriak familiei galdetegi digitala bidali zien 2024an. Eskola hobetzeko hainbat premia zeudela jakin zuten horrela. Jasotako erantzunetan nabarmendu zen eskaeretako bat jangela zerbitzuaren premia izan zen. Eta hori lortzeko buru-belarri lanean jarri ziren guraso elkarteko kideak.
Jantokia eskolaren hegoaldean kokatuko da, patio aldean. Bi espazio izanen ditu, Alde batetik, jatekoak prestatzeko tokia, 7,21 metro karratu izanen dituena eta, bestetik, jantokia, 11,43 metro karratuko azalerakoa. Bertan bi mahai eta hamabost aulki izanen dira. Bi espazioak ate lerragarri batek banatuko ditu. Lan horietaz aparte, ikasgela batera sartzeko ate berria eginen dute.
Hezkuntza Departamentuaren oniritzia lortu dute. Eta, orain, Urdiaingo Udalaren txanda da, eskolak jangela zerbitzua eskaintzeko beharrezko inbertsioa egin beharko du. Alde batetik, eskolako espazioak moldatzeko lana dago. Eta, bestetik, hura jantzi beharra dago. Azken horri dagokionez, garbitzeko gunean izanen ditu: harraska, dutxa moduko iturria, ontzi garbigailua eta eskuak garbitzeko konketa izanen ditu. Jakiak prestatzeko gunean izanen direnak dira: paretako armairuak, mikrouhin labea, kaxoiak dituen horma mahaia, hozte mahaia, berroneratzeko eta mantentzeko orga, jakiak mozteko ohola eta paperezko zapien banatzailea.
Jantokirako materialak erostera Urdiaingo Udalak 20.658,33 euroko (BEZ barne) aurrekontua bideratu du. Enpresek eskaintzak egiteko hilaren 17ko 23:59ra arte dute. Kontratua eskuratzen duen enpresak 42 egun izanen ditu egitekoak despeditzeko.