Frontoian eguzki plakak jartzeko enpresa kontratatuta

Guaixe 2026ko uztailaren 15a

Elizazpi frontoia. ARTXIBOA

Lanak 30 egunetan egin beharko ditu. 

Urdiaingo Elizazpi frontoian autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa jartzeko interesa bi enpresek izan zuten. Haien eskaintzak aztertu ondoren, Urdiaingo Udalak egitekoa Electricidad Ramos y Cia SM enpresari ematea erabaki zuen. Lanak egin ondoren enpresak 54.564,64 euro (BEZ barne) jasoko ditu. 

Frontoiko teilatuan jarriko den instalazio fotovoltaikoak 600 W-ko 132 eguzki panel izanen ditu eta 40.000 W-ko bi inbertsore. Azken horiek frontoiko gela batean egonen dira. Plakak hego mendebaldera begira egonen dira eta 20 graduko inklinazioa izanen dute. . 

Gaur egun Urdiaingo Udalak 94.000 kWh argindar kontsumitzen ditu urtean. Frontoian sortutako argindarra eskolan, udaletxean, hilerrian, frontoian, bentan eta argiteria publikoan kontsumituko da. Horretaz aparte, Urdiaingo Udalaren asmoa da parte hartze prozesua abiaraztea eta urdindarrek ere aukera izatea autokontsumo instalaziotik haien etxebizitzak argindarrez hornitzea. 

Erlazionatuak