Festak ospatzeko aurrelanak egiten egon beharko lukete urritzolarrek gaurkoan, bazkarirako karpa edota oholtza jartzen esaterako. Baina herrian gaur ez da halako mugimendurik izanen, COVID-19 gaixotasunagatik festak bertan behera utzi dituztelako. Arrazoi beragatik, astearteko San Juan suak ere, itxuraldatu egin ziren, etxe bakoitzak berea egin zuelako. Beraz, udako solstizioa ez zen urritzolarren bilgune bihurtu. Maiatzaren leheneko ospakizuna ere bertan behera gelditu zen. Egun horretan Aralarko aingeruak herria bisitatzen du. Ohikoa da txaranga kaleak alaitzen ibiltzea, herritarrendako gosaria izatea eta eguna bazkariarekin borobiltzea. Baina ezinezkoa izan zen.
Santa Luzia eguna, abenduaren 13a, Urritzolako “festa txikiak” dira. Egun horren gertuen dagoen larunbatean herritar guztiak txango bat egiten du eta bazkariarekin borobiltzen dute. Azkenekoan ardo upategi bat ezagutu zuten. Aurten halako bidaia egiteko aukera izatea espero dute Urritzolan.