Kontzejuak dirua aurrezten segitzen du

Guaixe 2023ko api. 27a, 09:01
Urritzolako sarrera.

Itxurako kopurua lortzen duenean inbertsioren bat eginen du.

Urritzolako Kontzejuak aurten 9.365,63 euroko diru sarrerak (joan den uretan baino 916,07 euro gutxiago) izanen ditu eta 2.330 euroko gastuak (2022an baino 93,96 euro gehiago). Diru sarrerak Nafarroako Gobernuak eta Arakilgo Udalak emandako diruekin lortzen ditu kontzejuak, aurten 5.294,32 euro izanen dira. Pandemiagatik aurreko urteetan ez dute ez festarik (garagarrilean) ez festa txikirik (Santa Luzia) egin eta horrek ere kontzejuari aurrezten lagundu dio. Nahikoa diru dutenean inbertsioren bat eginen dute herrian, Fermin Mariñelarena Iraizoz kontzejuko presidenteak azaldu duenez. 

Udalak urtero kontratatzen dituen langileei hainbat egiteko jartzen dizkie kontzejuak: eliza ondoko landare hesia txukundu, han-hemen sortzen diren belarrak kendu eta beste. Joan den urtean txukuntzeko premia zuten farolak margotu zituzten. Bestetik, Mariñelarenak azaldu du herrian pozik daudela bi etxe eraikiko direlako eta bi familia joanen direlako Urritzolara bizitzera. “17 biztanleko herri batean populazioaren hazkundearen ehunekoa handia da. Gainera, haurrak dituzten familiak dira. Herrian izan genuen azkeneko haurra, beharbada, duela 28 urte izan zen”, azaldu du kontzeju buruak. 

Trafikoa handitu da 
Etxarrengo industrialdea zabaltzeak eragina izan du Urritzolan: ibilgailuen joan-etorria handitu egin da. “Nabari da, bai”, ziurtatu du Mariñelarenak, “egunero pasatzen dira batzuk, aldikakoak dira besteak. Ez dakizu zergatik sartu diren. Etxarrengo errotonda hartu eta aurrera egiteagatik, Harivenasa lantegia ikusi nahi dutelako...” Kontzejuko presidenteak gaztigatu duenez, “gidari batzuk herritik begiratu gabe pasatzen dira, ziztu bizian. Herrian bertan ez dago trafiko handirik, baina zerbait gerta liteke”. Txirrindulariei ere ohartarazpena egin die Mariñelarenak: “Urritzolatik Etxarrenera joateko bidean aldapa behera 90 graduko bihurgunean bukatzen da eta kurba itxita hartzeko ohitura dute txirrindulariek. Bidean trafikoa handitu denez, txirrindulari batek baino gehiagok zuzen joan behar izan du sorora parez pare zetorren autoa ez jotzeko”. 

Erlazionatuak