Trafikoak sortutako arazoak kentzeko, zabalgunea

Guaixe 2023ko ira. 19a, 09:00

Etxarrenerako bide bazterrean zabalgunea egin du kontzejuak.

Kontzejuak Urritzolatik Etxarrenera daraman bidearen hasiera zabaldu du.

Urritzolako San Pedro kaleko 1 zenbakidun etxea Etxarrenera doan bidearen bazterrean dago. Asfaltatutako dermioko bidea da hori, baina hala beharrez herrira joan behar duten kamioi, uzta makina, traktoreak eta tamaina handiko ibilgailuek erabili behar dutenak. Horiek guztiak ez dira Errozko Arakil gaineko zubian sartzen. Tamaina handiko ibilgailu horiek etxeko odorra, abazpi edo teilatu hegala jotzen zuten. Fermin Mariñelarena Iraizoz kontzejuko presidenteak gaztigatu duenez, puntu horretan ere bazen beste arazo bat: “bi autok topo egiten zutenean batek edo besteak atzera egin edo maniobrak egin behar zituzten”. Nahiko komedia, beraz. 

Hori guztia saihesteko Urritzolako Kontzejuak erabaki zuen etxearen parean bidea zabaltzea. 20 bat metroko luzeran mendiari puska bat kendu eta zorua porlaneztatu zuten. Lanak uda hasieran egin zituzten eta haiengatik Urritzolako Kontzejuak 5.500 bat euro ordaindu zituen. 

Lan gehiago 
Herriaren iparraldean kale berri bat zabaldu zen eta hiru etxebizitza eraikitzeko partzelak egokitu ziren. Argiteria publikoko eta etxeetarako argindar kableak jartzeaz aparte, euri urak jaso, ur beltzak jaso eta edateko ura emateko sareak sartu zituzten. Baina urbanizazioa bukatu gabe, porlana eman gabe utzi zuten. Izan ere, kalea egiteaz bukatu berritan bi etxebizitza familia bakar eraikitzeko lanak hasi zituzten. Haiek udarako despedituta izatea espero da. Orduan urbanizatuko dute guztiz kale berria. 

Mariñelarenak kale berriaren izena zein den oraindik zehaztu gabe dagoela azaldu du. Herriko guztiek San Pedro izena dute, baina berriari toponimoaren izena emateko aukera dagoela jakinarazi du. Inguru horren toki izena Elizaldea da. 

Erlazionatuak