Nafarroako Ezkontzen Asteburua (jatorrizkoan ingelesez) ospatu zen asteburuan Iruñeko Baluarten. Ezkontza baten prestakuntzan parte hartzen duten gremio guztietako marken standak izan ziren. Baita ibiltokian jantzi erakustaldiak ere. Ziordiko Bly markaren asmoa bere jantziak stand batean erakustea zen. Baina Aurkene Ormazabal Fusteri bere lana ere ibiltokian erakusteko gonbitea egin zioten. Modeloek ziordiarraren jantziekin asteburuko azken pasea egin zuten.
Bly markarekin txubaskeroak egiteko proiektua martxan jartzen saiatu zen. Baina ez zuen aurrera egin. Ormazabalen joskintzako gogoko esparrua emakumezkoen ezkontzarako jantziak dira eta horri ekitea erabaki zuen duela zortzi hilabete: emakumezko ezkongaiendako eta ezkontzetara gonbidatutako emakumezkoendako jantzi pertsonalizatuak egitea.
Bilduma
Mediterranean izeneko bilduma aurkeztu zuen igandean Iruñean. Ezkongaien eta gonbidatuen bosna look erakutsi zituen. Ormazabalek ezkongaien soinekoen kasuan ohiko eredutik (uhalik gabeko eskotea, gerriraino estua eta behean zabalak) “oso ezberdina” den proposamena egin du.
Ormazabalek azaldu digunez, “nire proposamena ezkontza soineko hori ezkontzan ez hiltzea da. Gero janzteko beste aukera batzuk ematea”. Hala, bere ezkontza jantzi asko bi piezatakoak dira: topa eta gonarekin edo prakarekin konbinatuta. “Ezkontza eta geroko ekitaldi baterako jantzi dezakezuna”. Gonbidatuen jantziei dagokienez, soineko luzeak eta motzak, baita bi pieza bat ere. “Bost look dira, baina haien artean ere konbinatu daitezke beste hainbat look sortuz”. Beti ere, bere ideiari eutsiz, gerora jantziek jokoa eman dezaten.
Ezkongaien jantziak “oso minimalistak” dira, arroparen berrerabilera errazteko. Bildumaren linearen “joko bat” tolesturekin egin du. Eta, gainera, oihal gardenekin eta tiranteetan oihal tolesdunarekin jolastu du. Ormazabalen inspirazio iturria Formentera izan da. Horregatik, txuria, harea kolorea, urdina, korala eta ozeano barruko ukitua duen oihal estanpatua erabili ditu jantziak egiteko. Oihal guztiak zeta naturalekoak.
Erantzuna eta lan moldea
Jendeak ziordiarrari bere proposamena “gustukoa” zuela esan zion. Adituek eta argazkilariek “zerbait ezberdina” ikusi zuten Ormazabalen bilduman, “bazen garaia”. Izan ere, asteburuko gainontzeko desfileak dendenak ziren eta ez zuten bildumarik eraman, haien artean lotura handirik ez zuten soinekoak baizik. Ormazabalek “pozik” eta harrera onarekin “harrituta” bukatu zuen. Antzeko ferietan bilduma erakusteko aukera ez du baztertu. Horrekin batera, jantziak blogerrei utziko dizkie, “haiek dira modako erreginak”, haien blogen bidez bere lanaren publizitatea egiteko.
Orain arte ezkutuan egondako Bly erakusteko gogoz joan zen Iruñera. Ziordiarrak asteburukoak lan karga ekartzea nahiko luke, “baina helburua nire burua ezagutzera ematea izan da. Halako tokietan jende eta ezkongai asko ezagutzen dituzu”. Antolakuntza stand onenari saria ematekoa zen. Azkenean, hiru banatu zituen eta haietako bat Sakanako Bly markarendako izan zen.
Ziordiarrak ezkongaiaren edo gonbidatuak duen aurrekontuarekin lan egiten du. “Horrekin, bere siluetarekin eta hobekien ematen dioten koloreekin lehen azterketa egiten diot. Gero diseinatzen hasten gara. Beti berarekin”. Haien etxera joaten da. “Azken finean, bere soinekoa da, bere eguna da eta eroso egon behar du. Bera izan behar du”. Joan den urtean egindako lan batek eman zion bide horretan sakontzeko bultzada. Ormazabalek lan esparru horretan bidea egitea nahi luke. Etorkizunean lokal bat hartzeko asmoa azaldu digu.