Toti Martinez de Lezea Ziordian

Guaixe 2016ko urr. 6a, 09:45

Ostegunean, 18:30ean, liburutegian.

Lastaila Ziordian memoria historikoaren hilabetea izanen da. Horrekin bat egin nahi izan du Ziordiko liburutegiak eta Toti Martinez de Lezea idazlea gonbidatu du. Gasteiztarrak bere azken lana aurkeztuko du: Y todos callaron (2015, Erein). Euskaraz, Isilpean gordea. XV., XVI. eta XIX. mendeetan girotutako liburuak argitaratu ondoren, idazleak XX. mendera salto egin zuen azken lanean eta 1936ko estatu kolpearen ondorengo 60 urteetan luzatzen den kontakizuna idatzi zuen.

Gasteizen kokatu du istorioa, 2008ko otsaila. Amelia Zabaletaren testamentuak agerpen harrigarri eta ezusteko bat atera du azalera: ardura handiz gordetako sekretu bat, hildakoaren iraganari eta haren hurbileneko senideei lotua. Jon Martinez de Albeniz ikertzaile xumea arduratuko da misterioa argitzeaz. Baina zer arrazoik eragin dezake familia batentzat hain garrantzizkoa den zerbait ezkutuan gordetzea, XXI. mende bete-betean? Zerk bultzatuta iruten du jende arruntak mataza trinko bat, isiltasunaren argudioa oinarri harturik? Azken batean, zer gertatu zen agertoki horietan, orain hirurogeita hamar urte? Toti Martínez de Lezeak bere hiriaren barrenak arakatzen ditu, ezagunak zaizkion pertsonaiak sortu eta isiltasun deseroso baten mende bizi zen gizarte bat irudikatzeko.

Erlazionatuak