Ziordiko Udalak ez omen zuen Memoria Historikoaren legea betetzen. 1936ko estatu kolpearen ondoren Ziordiko alkatea eta zinegotzi bat erail zituzten eta ez zegoen beraien omenezko plakarik. Abiapuntu hori hartuta Edurne Kasas eta Olatz Irizar udal taldeko kideak lanean jarri ziren. Hamahiru hildako izan zirela jakin izan dute. Hortaz, plaka bakarrik jarri beharrean zerbait gehiago “sakontzea” erabaki zuten.
Memoria Historikoa lantzen zuen talde batek eman zuen abisua. Ziordian udaleko bi eraildako izan zirela esan zieten, eta ez zutela haien omenezko plakarik jarri. Kasas eta Iriziar lanean jarri ziren eta aurkitu zutenarekin “sorpresa hartu” zuten. Hamahiru hildako izan ziren Ziordian 1936ko estatu kolpearen ondoren, baita errepresaliatu asko ere. “Gu izan gara sorpresa hartu dugun lehenengoak. Ez genekien gure herrian pasatu zena. Gure herrian pasatu zenaren dimentsioaz”. Biztanleriaren %5a erail zutela azaldu dute Kasasek eta Irizarrek.
Kasas eta Irizar aritu dira datuak biltzen, baina herriko jendearen laguntza izan dute. Pertsona helduengana jo dute, haiei galdetu diete eta hartutako informazioa dokumentuetan kontrastatu dute. Hiru familia gaiarekin “oso kontzientziatuak” daudela gaineratu dute. Haiek hainbat datu ere eman dizkiete.
Garai hura “estalita” egon den gai bat izan da, “beldurragatik” gai honi buruz ez dela hitz egiten azaldu dute Kasasek eta Irizarrek. Hortaz, Memoria Hilabetea informazio hori ez galtzeko aukera izan zela uste dute bi ziordiarrek. “Hasiera batean uste genuen jende gutxik sufritu edo pairatu zuela gerra baina gero ikusi dugu jende asko zegoela”. Abiapuntua bederatzi hildako izan ziren, eta laster hamahiru hildakoko zerrenda bat osatu zuten. Errepresaliatuak asko direla gaineratu dute: “ez dakizu non gelditu, sakontzen hasten zara, zerrenda puzten, eta ez dugu ixten. Agian gehiago agertuko dira”.
Memoria berreskuratzeko hilabetea
Laurogei urte pasa dira estatu kolpea eman zutenetik. Urte hauetan “udal asko” egon direla esan du Irizarrek, baina motibazio gutxi horrelako zerbait egiteko. “Inoiz ez da berandu, baina bada”. Hortaz, hilabete oso bat eskainiko diote Memoria Historikoari. Larunbatean mural bat margotu zuten frontoiaren horman. Maider Urretabizkaia izan da margolaria eta obra figuratiboa egingo du: errepublikaren koloreak dituen aurpegi bat eta bi soldadu errepublikarren ingurua. Irudia 6X4 metrokoa da, gutxi gorabehera. Egunean bertan egitekoa zen, baina beste bi egun behar izan zituen obra despeditzeko.
Atzorako Toti Martinez de Lezearen Y todos callaron liburuaren inguruko hitzaldia antolatu zuen Ziordiko liburutegiak. Gaur Paco Etxeberria, Aranzadiko antropologoak, hitzaldia emanen du. Urbasako saroiko eta Otxoportilloko lezeetako exhumazioen inguruan ariko dira. Larunbaterako, Sartagudara bidaia antolatu dute. Bertan bisita gidatua eginen dute, historiaz hitz eginen diete eta Alargunen herria izendapena nondik datorren azalduko diete. Hurrengo hitzordua hilaren 21ean dute, Jose Maria Esparza historialariak hitzaldia emango du. Esparza eta Jimeno Juriok hildakoen lehenengo zerrendak egiten hasi ziren. “Luxuzko hitzaldiak izanen ditugu”.
Egitaraua despeditzeko udal bilkura berezia antolatu dute. Bertan eraildakoen familiei eta errepresaliatuei aitortza eginen zaie eta plaka jarriko dute. “Plaka bat udaletxean jarriko dugu eraildako alkate eta zinegotziaren omenez. Baina hamahiru hildako izan zirela kontuan hartuta, hamaiken omenez beste plaka bat jarriko dugu”.
Memoria Hilabetearen ondoren Kasasek eta Irizarrek ikerketarekin jarraitzea ez dute baztertzen. Hortaz, eraildako guztien familiak topatu dituzte batenak izan ezik. “Gehienak abizen oso ziordiarrak dituzte, Otxoa, Goikoetxea… baina honen abizena kanpokoa da, agian Renfeko edo Cementoseko langilea zen, baina ez dugu haren inguruko informazio gehiagorik topatu”. Haren berririk izatea nahiko lukete. Kasasek eta Irizarrek ikerketan herritarrek, idazkariak eta aguazilak eman dieten laguntza eskertu nahi dute.