Ostiralean Ziordiko udala txiki, oso txiki geratu zen 2015 eta 2016ko Sakanako Kirolari Onenen sari emate ekitaldirako. Izan ere, saritutakoak, euren senitarteko eta lagunak eta ziordiarrak, guztiek egon nahi izan zuten ekitaldian.
Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko Amaia Gerrikagoitia teknikariak nabarmendu zuenez, epai mahiarendako zaila izan kirolari onenak aukeratzea “Sakanan merituak dituzten hautagai asko“ daudelako. “Izendatutakoek oso pozik hartzen dituzte sari hauek; batzutan ez dute batere espero, eta sorpresa horrekin oraindik gehiago bizi dute saria. Urte askotako lana saritu nahi dugu, beraien esfortzua eta kirolari eskaintzen dioten bizia. Oso pozik gaude sari horiek emateagatik” nabarmendu zuen teknikariak.
18 urtetik beherakoak: Ailetz Lasa, Josu Etxeberria eta Anne Lapuente
Kategoria ezberdinetan 8 sari banatu zituen Mank-ek eta bi aipamen berezi egin zituen epai mahaiak. Gainera, lehendabizikoz sari bat konpartitua izan zen. 18 urtetik azpiko gizonezkoen kirolari onenen saria jaso zuten Ailetz Lasa eta Josu Etxeberria 16 urteko txirrindulariek. Aralar eta Burunda klubetan dabiltza, eta epaimahiak baloratu zuen biek merezi zutela saria, kadeteetan goi mailan ibili direlako. “Biek merezi dute saria. Kiroltasunaren saria ere izan nahi du, kirol baloreak bulkatzeko” nabarmendu zuen Gerrikagoitiak. “Biei errekonozimendua egitea polita izan da. Denboraldi ona egin dugu. Hurrengo urtean jubeniletara pasako gara eta salto handia izango da” nabarmendu zuen Etxeberriak.
18 urtetik beherako saria Anne Lapuente irristalari ziordiarrak jaso zuen. 13 urteko irristalariak pozik jaso zuen saria bere jaioterrian.
18-35 urte artekoak: Javier Zeberio eta Izaskun Beunza
Javier Zeberio mendizale bakaikuarrak “oso pozik” hartu zuen izendapena, sorpresaz, “espero ez zuelako”. Cho Oyu igo duen lehen sakandarra izan da (8.201 m), oxigenorik eta sherparik gabe. Berarekin batera bere espedizioko kide Joanma Romero valentziarra egon zen Ziordiko sari banaketan. “Igoera ona izan zen, arraroena izan zen dena horren ongi atera izana” zioen bakaikuarrak. Pena bakarra Romero gailurretik 100 metrora gelditu izana izan zen, baina valentziarra kontentu zegoen. “Zeberiorekin espedizioak arrakasta izan zuen eta oso kontentu nago. Ezin denean gelditzen jakin beharra dago ere” nabarmendu zuen.
Izaskun Beunza korrikalari olaztiarrak onartu zuenez “sorpresaz hartu zuen saria, ez nuelako espero. Harrituta nengoen eta pixkat lotsatuta ere, merezita edo ez, bakoitzak ahal duguna egiten dugulako. Baina gero pozik”. Duela 5 urte hasi zen lehiatzen olaztiarra eta onartu zuenez, “nire buruarekin inorekin baino konpetitiboagoa naiz”. Beste Iruña taldean dabil eta Altsasuko San Silbestrearen ondoren ilbeltzean Nafarroako Kros laburrean eta luzean arituko da. “Ea Beste Iruñakoak talde bezala Espainiakora joateko sailkatzen garen” gaineratu zuen.
35 urtetik gora: Joxemari Mercero eta Arantzazu Larrañaga
Joxemari Mercerok, akaso, txalo gehienak bildu zituen. 77 urterekin oraindik aktibo jarraitzen du Unanuko korrikalari honek. “Oso pozik nago. Hau niretzat gehiegi da. Sakanan kirolari asko daude eta nitaz oroitzea…” zioen unanuarrak, hunkituat. Adierazi zuenez, sasoiko dago. “Oso ongi nago, ez dut bajoirik nabaritu. Behobia eta Altsasuko Barricarte egitetik nator, oso gustura. Beste Iruñakoekin San Silbestrea egitea da hurrena” zioen. Zenbaki ikusgarriak pilatzen ditu Mercerok: 31 Behobia-Donostia egin ditu, munduan barna 9 maratoitan aritu da, New York, Paris, Londres, Florencia, Praga eta Donostian, 10 aldiz jarraian irabazi du Iruñeko Karrozen krosa eta ia astebururo lehiatzen da.
“18 urterekin konpetitizioan hasi nintzen, 23 urteraino. Soldaduskan militarren Espainiako Txapelketan hirugarrena izan nintzen. Gero korrika utzi nuen, transportista nintzelako. 37 urterekin mina hasi zitzaidan izterrean. Medikuak esan zidan ea ibiltzen nintzen. Eta orduan korrikan hasi nintzen berriro, eta erretiratzeko asmorik gabe. Oraindik ondo nago, ez dut inolako minik ez pastillarik hartzen. Kaso egin behar da beti, gutxi jan eta jana garbia. Hau loteria da” onartu zuen.
Arantzazu Larrañaga mendi korrikalariak ere sorpresarekin hartu zuen izendapena. “Ez nuen espero. Oso pozik nago. Azken finean niretzat zaila da bi haur txikirekin mendi lasterketetan aritzea. Nire senarra ere ibiltzen da eta txandaka ibili behar izaten dugu, batetik bestera.... Gogorra da. Kontziliazioa kirolean oso zaila da. Bion artean moldatzen gara; gustatzen zaigu eta gustura egiten dugu, baina zaila da. Mankomunitateko saria esfortzu horren errekonozimendu bezala ikusten dut.” onartu zuen.
Talderik onena: Altsasuko futbol taldea
Sakanako talde onenaren saria jaso zuen Altsasu emakumezkoen taldeak. Taldearen sortzaile eta bulkatzaile nagusia den Gorka Paskua oso pozik zegoen. “Bi urteko epean emakumezkoen bi futbol talde sortu ditugu Sakanan. Hori oso zaila da eta saria egindako lanaren errekonozimendu handia bezala hartzen dugu. Oso pozik daude neskak. Gainera, aurten emaitzak ez dira hain onak eta bultzada bat emateko balio du sari honek. Gure helburua emakumezkoen kirola sustatzea da eta oso pozik gaude” nabarmendu zuen Paskuak.
Euskara gehien bulkatu duen taldea: Iratxo
Irurtzungo Iratxo klubak, bestalde, euskara gehien bulkatzen duen kirol taldearen saria jaso zuen. Mendi egutegi propioa du Iratxok eta horretaz gain botxa sustatzen du. 27 urte daramatzate Sakanako Ibilaldi Handia antolatzen, eta guztia euskara sustatuz. Eskertuta jaso zuten saria.
Izendapenak: Ramon Arratibel eta Manuel Morcillo
Azkenik, epai mahaiak bi izendapen berezi egin nahi izan zituen 2015 eta 2016 urteko Sakanako Kirolari Onenen sariketan. Bat Ramon Arratibel “Rayo” lizarrengotarrarendako izan zen. Mendizaletasuna sustatzeko makina bat lan egin du Rayok, Euskal Selekzioa eta euskara bulkatzearekin batera. Saltsa askotako perexila da. “Oso pozik hartu dut izendapena. Uste dut guztia errekonozitu nahi izan dutela, baina nik nabarmendu nahi dut kirola kulturari lotuta ikusten dudala. Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Ibilaldia, Kilometroak, Araba Euskaraz... euskara eta ikastolak bulkatzen 5.000 kilometro eginak ditut, diru bilketa egiten. Topera ibili naiz, eta poz handia ematen dit sari honek” azaldu zuen.
Manuel Morcillo boxeolari ohiak aitortu zigun sariaren berri eman ziotenean hasieran txantxa bat zela uste izan zuela. “Boxeoa utzi eta 43 urtetara… txantxa zela uste nuen hasieran. Baina ilusio eta poztasun handiarekin hartu dut saria” esan zigun. 12 urtez lehiatu zen boxeoan eta 1966 eta 1967an pisu ertaineko Espainiako txapelduna izan zen, prestatzailerik gabe. “Boxeoan hasi nintzen ordaintzen zuten kirol bakarra zelako. Konbate bakoitzagatik 150 pezeta ziren. Zazpi anai ginen, aitarik gabe, eta etxean lagundu beharra zegoen. Dohaiak nituenez… baina boxeoa oso kirol gogorra da, oso sakrifikatua. Ringera ateratzen zara arerioa lehenbailehen KO uztera. Horrelako gogorra da kirol hau. Boxeoaren onena, uztea da” nabarmendu zuen Gasteizen bizi den 71 urteko altsasuarrak.