Festa giroan domekara arte

Guaixe 2017ko ira. 6a, 20:42

Azken orduko ezusteko batek Ziordiko festetako etxajua piztea eragotzi dio Luisitori. Udalak festetako batzordeak botatzea erabaki du, eta Loli Ruzek piztu du suziria. Bera, beste bost kiderekin batera, urte bat eman dute festetako egitaraua prestatzen. Etxajuaren ondoren beste sorta bat ere lehertu dira Ziordiko teilatuen gainean eta haien soinua ezkila errepikarekin nahastu da. Izan ere, Anjel Herrero ezkila-jole olaztiarrak errepika orokorra jo du. Horretarako hots egin dute eta hari jakinarazi diotenez, baziren 60 urte errepikarik ez zela jotzen; “joleak hiltzen dira eta galdu egiten da. Hala ere, zaletasuna badago”, ziurtatu digu. Ama Birjinaren egunean berriro joko duela gaineratu du. Horretarako, bi ezkilen 15na kiloko mihiak mugitu beharko ditu.

Bestalde, bost ziordiar berri izan dira joan den urtean eta haietako hiruk jaso dute festetako ttattar gorria: Naroa Beroiz, San Vicente, Amaia Otxoa Agirre eta Manex Izagirre Ormazabal. Haien kintoak dira Udane Martinez Pinto eta Alba Niño Lezea. Eta koxkortutako neska-mutikoen atzetik korrika ibiliko direnak Endika Saez, Aimar Garzia, Araitz San Roman eta Unai Mujika izanen dira. Binaka, buruhandiak ateratzearen ardura dute festetan.

Erlazionatuak