Gazteek BookTubeak egiteko hitzordua jarri dute

Guaixe 2018ko urt. 24a, 19:16

Martxoaren 2an, 18:00etan, Ziordiko liburutegian izanen da. Izena emateko ziordialib@cederna.es e-postara mezua idatzi

Liburua (book inglesez) eta Youtube Interneteko bideo plataforma(tube) hitzak elkartzetik sortu da booktube: liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa, Youtuben zintzilikatzen dena. "Euskal booktuber komunitatearen parte izan nahi dutenek, nondik hasi ez badakite, lagunartean eginen diren kedadetan dute gehiago jakiteko aukera".

Halaxe jakinarazi dute Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Ziordiko Liburutegiak, martxoaren biko kedada edo hitzordua antolatu  dutenak. Sakanako gaztetxoen Internet bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburua du ekimenak. Horretarako, "munduan barna sekulako arrakasta izan duen booktube fenomenoa baliatuz". Saioan kamera aurrean nola jardun behar duten ikasiko dute. Azalpen  horietaz aparte, aurten estreinakoz booktube saila duen Maria Markotegi sarietarako lanak prestatzeko aukera ere izanen da.