Udalak frontoiko teilatua konponduko du

Guaixe 2019ko urt. 11a, 12:08
Ziordiko froiaren barruko aldea. Argazkia: utzitakoa.

Egoera txarrean dago eta itajurak sortu dira eta pilotalekuaren egiturari kalte egin aurretik esku hartzea erabaki du udalak. Argiteria ordezkatuko du ere.

Ziordiko Udalak Toki Eder frontoiko teilatua berritu, sabai aizuna kendu eta argiteria berritzeko lanak emateko deialdia egin du. Kirol azpiegitura berritzeko Ziordiko Udalak 168.129,43 euroko inbertsioa eginen du (BEZ barne). Lanak hartzen dituen enpresak hiru hilabete eta erdi izanen ditu haiek despeditzeko. Baina hori egin ahal izateko, lehenik, udaletxean bere proposamenak aurkeztu beharko dituzte. Eta horretarako epea ilbeltzaren 21eko 14:00etan despedituko da.

Pilotalekuaren teilatuan fibrozementuzko (uralita) eta argia sartzen uzten duten poliesterrezko plaka ondulatuak daude. Denboraren joanarekin hondatu egin dira eta itajurak sortu dira. Urak sabai aizunaren egurrezko egiturari eragin diezaioke eta udalak hori saihestu nahi du lanekin. Teilatu berria txapazkoa izanen da eta argia sartzen uzteko polikarbonatozko panelak jarriko dituzte. Frontoi barruko sabai aizuna kendu eta teilatu berria pilotetatik babesteko plastikozko sare bat jarriko da. Azkenik, gaur egun frontoia argitzen duten 12 lanparak kendu eta LED argiak jarriko dituzte haien ordez. Horrela, argindar kontsumoa % 52,5 murriztu eta kirol azpiegiturako argitasuna hobetuko da.  

Toki Eder pilotalekua
Ziordiko frontoia 1947an jaso zuten eta 1957an bi isurkiko teilatua egin zioten. Eraikinak 36 metro luze eta 18 metro zabal ditu gutxi gorabehera. Joko zelaiak, berriz, 32,12 metro luze eta 9,35 metro zabal ditu. Sabai aizunera dagoen bataz besteko altuera 12 metrokoa da. Harmaila zortzi aulki ilaraz osatuta dago.