Dona Maria kalean egindako lanak mustuta

Guaixe 2019ko eka. 8a, 12:22
Dantzariek aurreskua dantzatu zuten. Utzitakoa

Jose Ignacio Flores Berastegiren, Axioren omenezko oroigarria ere mustu zuten.

Azaroan hasi eta martxo aldean despeditu zituzten Dona Maria kaleko goiko aldeko lanak. Lurgorrietako bidetik jaisten den ura bildu, zorua berritu eta espaloiak egin dira. Lanak Construcciones Santestebanek egin zituen 212.000 euroren truke. Ziordiko Udalak lan horietarako 74.000 euro jaso zituen Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planetik. Patxi Bengoetxea jarduneko alkateak azaldu digunez, “goiko kalean paperontzi bat eta argi puntu bat jartzea besterik ez da falta”.

Lanik handienak eginda, domekan goiko kaleko lanak mustu zituzten, goiko plazan egindako ekitaldi batekin. Bengoetxeak hartu zuen hitza eta Raul Santesteban eraikitzaileari, Javier Etxeberria obra zuzendariari eta Maika Garmendia udal idazkariari eskerrak eman zizkien lehenik. Egindako lanak egiteko haien ekarpena aitortu nahi izan zuen horrela. Bengoetxeak azaldu digunez, “plaza hori toki berezia zen, Jose Ignacio Flores Berastegik, Axiok, han izaten zituen enborrak. Udalak harekin detaile bat izan nahi zuen, harekin gogoratzeko”.


Horregatik, alkatearen ondoren musikaren doinura, Goizeder Beltza aizkolariak enbor bat moztu zuen. Lanak despedituta, plazaren muturrera joan eta han estalita zegoen eskultura agerian utzi zuen. Manuel Casasen lanak aizkolariendako prest dagoen enbor bat eta han sartutako aizkora irudikatzen du. Haren oinean dagoen plakan Zegamako Jose Mari Arakamak idatzitako testua irakur daiteke: “Jose Ignacio Flores Berastegi, Axio; haize bolada fresko bat izan zinen guretzako, nortasun borondatea utzi diguzu betirako”. Ekitaldia despeditzeko dantzariek aurreskua dantzatu zuten eta elkartu ziren ziordiar guztiendako auzatea izan zen.

Erlazionatuak