Artilea artzainei hartu, garbitu, iragazi eta haria sortzen dute. Haria hainbat produktuetan eraldatzen dute.
1. Zer da Artilezko hodeiak?
Gure negozioan artilearen erabilera bultzatzen dugu. Artilearekin artisautza egiten dugu eta azoketan mugitzen gara gure artisau-lan horiek saltzen. Izena nahiko modu sinplean etorri zen. Artilea garbitu genuenean, begiratu genuen eta hodei handi bat zirudien.
2. Nola sortu zen?
Lau urte daramatzagu artilearen munduan. Adriana jakin-minarekin aurretik hasi zen. Galtzerdi batzuk hasieratik egin nahi zituen; artilea hartu, garbitu eta bukaeraraino dena egin. Ikastaro bat egin zuen Lakaben eta adar guztiak jo zituen: artilea garbitu, iragazi, haria egin eta gero produktua. Horrela hasi zen. Eta gero ni berarekin hasi nintzen.
3. Artileaz hitz egiten dugunean, zer arrazako ardien ileaz ari gara?
Guk inguruko artilearekin lan egiten dugu. Hemen dagoen gehiena latxa da. Baina latxa lantzeko zailena da, eta beste artile meheago batzuk hartzen ditugu ere. Ardi arraza desberdinekin lan egiten dugu. Latxa oso gogorra da eta azkura ematen du.
4. Azalaren gainean eramateko ez da oso goxoa, beraz.
Ez da oso erraza. Lehen eramaten zen, galtzerdietan-eta jendeak eramaten zuen. Orain ez dakit finagoak bihurtu garen, baina ez dauka hain harrera ona. Beraz, produktu horri beste irteera bat ematen ari gara. Txapinei zapatilen zorua jartzen diegu. Gero beste produktu batuk egiten ari gara ardi latxaren artilearekin. Lehen artzainek alfonbrak eta koltxoiak egiteko erabiltzen zuten forratuta zeudelako. Baina orain ezin dute ezer egin. Botatzeko ere dirua kobratzen diete. Artilea biltzen duten enpresak daude, baina artile hori ez dute biltzen balore txikia duelako. Arazo larri bat dago latxaren artilearekin.
5. Artilea urte osoan jantzi daiteke?
Zabalduta dagoen ideia da artilea bakarrik negurako dela. Egia da neguan oso isolatzaile ona dela, gure beroa mantentzen duelako, baina badira beste ezaugarri batzuk, esaterako, transpiratzailea da eta hezetasuna xurgatzen du. Orduan, udan erabil daiteke ere. Kasu horretan gure azalarekin kontaktuan zuzenean egon behar da, galtzerdi bat jartzen badugu, beroa ematen duelako; baina artilea bakarrik jartzen badugu ez.
6. Zuek egiten duzue prozesu guztia?
Bai. Artzainarekin harremanetan jartzen gara, artilearen bila joaten gara, hartzen dugu eta hasierako selekzio bat egiten dugu. Lepokoa eta ipurdikoa kentzen dugu, zikinena delako. Gero garbitzera leku batera eramaten dugu. Kilo asko dira eta etxean ezin dugu egin. Gainera, hemen klima ez da hoberena guztiz lehortzeko. Guretako errazagoa da norabaitera eramatea eta han garbitzen dute eta lehorra ateratzen da.
7. Nora eramaten duzue?
Auverniara eramaten dugu. Urruti dago, baina produktu kimikorik erabiltzen ez duen garbitoki batera eraman nahi genuen. Hemen era naturalean garbitzen dute. Harrituta gelditu ginen. Ez dago horrelakorik hemendik. Guk eramaten dugu, furgonetan. 1000 kilometro inguru dira. Aurrekoan 600 kilo eraman genituen, eta orain tona eta erdi edo bi tona eraman nahi dugu, eta beste toki bat bilatzen ari gara. Palencian omen dago bat, baina hiru tona eramatea eskatzen dute. Kantitate oso altuak garbitzen dituzte. Cuencako batekin ere harremanetan egon gara.
8. Artileak iraungitze data du?
Ez du iraungitze datarik, bost urtetara ongi dago, baina badu bere degradazio prozesua. Produktu natural bat da, eta bere bizia du. Noski, garbia zikina baino gehiago irauten du. Gainera, gordetzeko leku lehor bat behar duzu eta ezin da iluntasunean egon. Bestela, sitsa ateratzen da. Gure ideia da urtean hartutako artilea urtean bertan mugitzea, saltzea eta produktuak egitea.
9. Zer produktuak egiten dituzue?
Bi lerro ditugu. Alde batetik, etxeko osagarriak: lanparak, jarroiak eta halakoak, eta, bestetik, erabilera pertsonalerako produktuak: txapinak, barne-zolak, gerrikoak, dutxarako eskularruak... Tailerrean ere bi zonalde ditugu: makinak eta josteko edo eskuz egiteko tailerra. Hasieran xaboien belakien barruan zihoan xaboia ere egiten genuen guk. Baina beste mundu bat da. Orduan, produktu naturalekin xaboiak egiten dituen Nafarroako pertsona bat aurkitu genuen, kalitatezko produktu bat iruditu zitzaigun, eta berari hartu genion. Xaboiak kalitate onekoak izan behar dira, gure produktua ere kalitatezkoa izateko. XABOIAK
10. Tailerra Ziordian duzue, baina salmenta puntuak?
Telefonoz eta emailez eskaerak hartzen ditugu. Gehien bat azoketan saltzen dugu. Puntu finko batzuk ateratzen ari dira; Uxuen denda bat eta Hondarribian ere jartzeko hitz egiten ari gara. Baina ez ditugu oso zehaztuta. Bestela, facebook-ean eta blogean gure telefonoa agertzen da eta whatsapp-etik ere eskaerak hartzen ditugu.
11. Nafarroako Gobernuaren sari bat jaso duzue.
Iruñeko XIII. Artisautza Azokan egon ginen eta Nafarroako Gobernuak bi sari banatu zituen azoka horretan: produktu hoberenari eta salmahai hoberenari. Guk salmahai hoberenari saria irabazi genuen. Oso pozik gaude. Salmahaian nahi genuen gure produktua ikustea, baina lan egiten ditugu eta lehen lan egiteko erabiltzen zituzten tramankuluak ikustea nahi genuen. Erakusketa txiki bat. Oso harrera ona izan zuen.