"Santa Luzia ostiralarekin denez, bi gauzak ospatuko ditugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko abe. 13a, 11:17
Ziordiko Gaztetxeako kideak herriko festetan. UTZITAKOA

Ziordiko Gaztetxeak 25 urte beteko ditu aurten, eta gaur, abenduaren 13a, ostirala, ospatuko dute.

Santa Luzia eguna aukeratu dute gazteek gaztetxearen urteurrena ospatzeko, izan ere, Santa Luzia egun berezia da Ziordian.

1. Duela 25 urte sortu zen gaztetxea. Nola sortu zen?
25 . urteurrena berez abenduaren 28an da, baina Santa Luzia eguna ostiralarekin bat egin duenez, urteurrena ospatzea ere erabaki dugu. Gaztetxean adin desberdinetako gazteak gaude, eta sortu zutenek orain 40 urte inguru dituzte. Egia esan, ez dugu historia ezagutzen. Etxe bat hutsik zegoen eta sartu ziren gaztetxea bihurtzeko. Ez dakigu. 

2. Zein etxe zen?
Apaizaren etxea omen zen. 

3. Eta zergatik ospatu gaur?
Urteurrenaren data gertu dagoelako eta herrian zaindu hori ospatzen dugulako. Beraz, eguna aprobetxatzeko gaztetxean zerbait egingo dugu. 

4. Zergatik da garrantzitsua Santa Luzia?
Santa Luzia Ziordiko zainduetako bat da eta garai batean oso garrantzitsua zen. Igerilekuak dauden lekuan ermita bat zegoen, baina harrobirako bidea egiteko bota zuten. Oso garrantzitsua zen batez ere jostunendako, ikusmenaren ama birjina delako. Eta jostunak etortzen omen ziren. Garai batean ospatzen zen, eta orain ermita ez dagoen arren ospatzen jarraitzen dugu. 

5. Duela gutxi berreskuratu zenuten egunaren ospakizuna herrian, ezta?
Bai, 2015 urtean edo. Gazteagoak ginenean ez zen egiten. Ez genuen ezagutzen. Tabernetan auzatea egiten da eta eguna ospatzen da. 

6. Zer antolatu duzue, beraz, gaurko egunerako?
15:30ean bazkari herrikoia eginen dugu eta bazkalostean bingoa izanen da. Ondoren, tabernaz taberna kantuan joanen gara eta iluntzean afari-merienda eginen dugu gaztetxean. 23:30ean Igitaia eta Soinuz blai taldeen kontzertua izanen da.

7. Aurretik gaztetxearen urteurrena ospatu izan duzue? 
Ez. Aurten urteurren borobila delako, 25 urte. Datozen urteetan aurrekontua badago eta ongi ateratzen bada, ez legoke gaizki ospatzen jarraitzea. 

8. Gainera, bi ospakizun batean eginen dituzue. Tradizio berri bat sortu dezakezue. 
Herrian festetan egoten da bakarrik parranda, eta orduan, beste egun bat egotea ongi dago. 

9. Eta nola konturatu zineten 25. urteurrena zela?
Gaztetxean jendea asko dagoenez, helduenak kontuak atera zituzten eta konturatu ziren 25 urte pasa direla.

10. Nola kudeatzen duzue gaztetxea?
WhatsApp talde bat dugu eta ahal dugunean gazte guztiak geratzen gara. Besteak beste, gauzak antolatzeko eta gaztetxea garbitzeko. Adibidez, hau antolatzeko nahiko bildu gara. 

11. Beraz, jarduera gehiago antolatzen dituzue?
Beno, festetan antolatzen ditugu gehien bat. Urtean zehar ez hainbeste, baina gauzak egiten ditugu. Zerbait egin behar denean biltzen gara eta hitz egiten dugu. 

 

Erlazionatuak

Santa Luzia ospatzeko festa gaur

Alfredo Alvaro Igoa 2019 abe 13 Ziordia