Gorka Izagirre Insausti

"Harridura handiarekin eta duda askorekin bizi izan dugu egoera"

Guaixe 2020ko mar. 6a, 13:09
Argazkia: Astana.

Gorka Izagirre Insaustiren (Astana) azken astea gorabeheratsua izan da oso. Aurreko astean Emirerri Batuetako UAE Tourrean lehiatzen ari zen Ziordian bizi den ormaiztegiarra.

Probaren antolakuntzak bertan behera uztea erabaki zuen, koronabirus kasu batzuk tarteko, eta txirrindularitza taldeek gaixotasunaren kontroalk pasa behar izan zituzten. Igandean Paris-nizan aritzekoa zen Izagirre, baina atzo Astanak azaldu zuen martxoaren 20ra arte taldeak ez duela inolako lasterketetan parte hartuko, prebentzio moduan.

Txirrindularitzara ere iritsi da koronavirusa. Emirerri Batuetako UAE Tourra bertan behera utzi eta gero, kontrolak pasatu behar izan dituzue? Nola bizi izan duzue alarma egoera hau?
Hasteko, harridura handiarekin eta duda askorekin. Txirrindularitzan mundutik barna asko ibiltzen gara, gurera ere heldu egin da koronabirusa eta pasatu egin behar. Antolakuntzak UAE Tourra bertan behera uztea erabaki zuenean talde guztiek kontrol prozesu bat pasa behar izan genuen. Abu Dabiko hotelean egon gara tropel osoa geldirik, barnean sartuta. Gure kasuan, Astanan, negatiboak izan ziren emaitzak eta handik irten ahal izan ginen, baina oraindik ere zenbait talde han daude, eta ematen du luzerako doala. Astelehenean itzuli nintzen Ziordira.

Egun horiek entrenatu gabe pasatuko zenituzten, ez?
Bai, baina itzuli bat amaitu berritan geunden, eta deskantsatu genuen. Guretzat hiru egun izan ziren orotara, ez asko. Egun batean hoteleko gim nasiora joan ginen; handik mugitzeko aukera ere bagenuen, une eta ordu jakin batzuetan, eta lan pixka bat egin genuen, ezer handirik ez.

Gertatutakoak hurrengo probetan ere eragina izango duela uste duzu? 
Igandean hasiko den Paris-Nizan aritzekoa naiz (elkarrizketa asteartean egin genuen eta Astanak atzo hartu zuen prebentzioagatik bertan ez aritzeko erabakia, beraz, ez da ariko). Txirrindularitza munduan ere galdera ikur asko daude oraindik, bertako federazio handienak, UCIk, ez baitu oraindik erabakirik hartu, eta ez dakigu datozen probak eginen diren ala ez. Entzuten da beharbada Emirerrietan izan garen txirrindulariek eta teknikariek ezin izango dugula hurrengo 14 egunetan lasterketetara joan... Albisteak oso gorabeheratsuak dira eta nahasmen handia dago.

Ezjakintasun giro honetan dena aztoratuta egongo da, ez?
Oso-oso aztoratuta. Eta maila pertsonalean ere. Pentsa, familia dugu, orain etxean gaude baina han egon gara… eta horri nola aurre egin eta noiz arte inork ez digu ezer esaten. Guretzako egun hauek ez dira batere errazak izaten ari; saiatzen ari gara ahal den normaltasun handienean egoten, baina prebentzio neurriekin ibiliz.

Zure ustez hartzen ari diren neurriak gehiegizkoak dira?
Gaixotasun bat kontrolatzeko modua prebentzioa da. Pixka bat esajeratzen ari diren? Ni ez naiz aditua hori esateko, baina Estatuak neurri hauek hartzen ari dira, Munduko Osasun Erakundea eta beste oso arduratuak daude, eta askotan ez da kosta gauzak prebenitzea. Eskatu dituztenak –eskuak garbitu, gaixo zauden sentsazioa izanez gero 112ra hots egin eta beste– ez zaizkit gehiegizkoak iruditzen.

Euskadi Fundazioak Euskaltelekin hitzarmena sinatu du. Nola hartu duzu berri hau?
Albiste ona da, oso ona, esanen nuke. Albistea eman dute baina ez dakigu Euskaltel enpresa zenbaterainoko indarrarekin sartuko den, zein aurrekonturekin, eta horrek kirol munduan asko mugatzen duen mugarri bat da. Babesle bat zein indarrarekin sartzen zaren esanahi handia dauka gerora begira. Ikusiko da, uste dut gauza asko esateke daudela. Baina albiste oso ona da, noski. 

Talde oso garrantzitsuetan aritu zara: Euskaltel-Euskadi (2010-2013), Movistar (2014-2017), Bahrain Merida (2018) eta egun Astanan (2019-2020). Boteprontoan, talde bakoitzaren zein une aukeratuko zenuke? 
Euskaltelen, eta nire zilborrari begiratuz, nire lehenengo garaipena (2010eko Luxenburgoko Tourreko 5. etapa). Oso berezia izan zen. Talde barruko arazo batzuetatik nentorren gainera, eta egia esan garaipen hori nahiko hunkigarria izan zen. Movistarren garaipen handiak egin genituen; Alejandro Valverde eta Nairo Quintana ziren liderrak. Akaso Nairorekin Italiako Giroa irabazi genuenean, horrekin geratuko nintzateke. Horrenbeste hitz egin zen Stelvioko etapa horretan ere protagonista izan ginen; talde bezala kritika asko jaso genituen, baina uste dut kritika horiek pixka bat lekuz kanpo zeudela. Stelviokoa egun hunkigarria izan zen, eta erabakigarria gero Nairoren garaipen horretan. Bahrain Merida, esango nuke mundura ireki ginen taldea izan zela. Euskaltel Euskal Herri mailakoa zen, teknikari eta txirrindulariei begira, Movistar talde handiagoa zen, baina handik Bahrainera saltoa eginda, burua zabaldu eta ikusi genuen ez dela beldurrik izan behar mundura zabaltzeko. Gauza asko eman zigun talde bat izan zen, ikasi ere egin genuen, eta bertan eman nuen maila azpimarratu nahiko nuke; askatasun erabatekoa izan nuen, Tourra kenduta, eta horrek ere nire emaitzetan zeresana izan zuen. Eta Astanan iaz izan genuen urte ederra nabarmendu nahi nuke, garaipen askorekin, bai pertsonalak, baita neronek parte izandakoak.

Bahrain, Astana... nazioarteko ukitu hori hori nabaritzen da?
Bai. Gehienbat kontuan hartu behar da txirrindulariok lasterketa batera goazenean 24 ordu ematen ditugula taldekideekin. Taldekidea australiarra, kroaziarra, italiarra, frantsesa, alemaniarra, ingelesa... bada, bakoitzak bizitzeko eta mundua ulertzeko bere modua du, eta elkar bizitzeko burua edo bihotza ireki edo zabaldu behar duzu. Behar bat ere bada, ondo eraman behar izan hori, lanak berak behartutakoa. Azkenean 24 orduak ematen ditugu elkarrekin. 

Iaz Astanak 37 garaipen lortu zituen, UCI Rankingean 5.a izan zen. Printzipioz Astanak Fulgsang, Miguel Angel Lopez eta Alexey Lutsenko zehaztu ditu taldeburu, eta zu eta Jon zure anaia luxuzko gregarioak. Zein dira zure helburuak?
Lehenengo helburuetako bat Paris-Niza dut (taldeak atzo hala erabakita ezingo da aritu), eta hurrengo helburu pertsonalak Belgikako Ardeetako Klasikoak izango dira. Aurten aldaketa hori eginen dut, eta gogotsu nago, lasterketa berezi horietan neure burua zertan dagoen ikusteko. Klasiko bereziak dira, baina politak ere bai, eta garrantzitsuak, eta ahalik eta ongien egiten saiatuko naiz. Klasiko horietan ariko naizenez, aurten ezingo naiz Euskal Herriko Itzulian ariko. 

Aurretik galtzadarrietako klasiko gogorretan aritzea tokatu zaizu?
Euskalteleko garaian klasiko hauetan ibilitakoa naiz, baina garai haietan gazteak ginen, hasiberriak, esperientzia aldetik hutsalak. Orain, esperientzia gehiagorekin eta une honetan nagoen bezala, pausotxo hori eman nahi dut eta gogoa dut. Eta aurten, itzuli handiei begira, Italiako Giroan aritzekoa naiz. 

Hortaz, Giroan Fulgsangekin aritzea tokatzen zaizu. Ongi konpontzen zarete?
Bai. Oraintsu arte Teiden izan gara taldeko entrenamenduetan, eta berarekin tokatu zait logela egitea bi astetan. Gizon normala da, lasaia, oso profesionala. Berarekin joango gara Girora eta han izango naiz. 

Ziklo-krosak errepidera pedalkadarekin iristea ahalbideratzen dizu edo besterik gabe, gustuko duzulako egiten duzu?
Lehenik eta behin, berez ziklo-krosa gustuko dudalako egiten dut, eta bigarrenik uzten didatelako. Euskaltelekin eta Movistarrekin, 8-9 urtez orotara, debekatua izan nuen ziklo-krosean aritzea, eta debeku horrek ere pixkat bat barrutik eragin zidan, ondoren ziklo-krosean aritzeko aurrerapausua emateko. 

Ormaiztegiar bat herriko ziklo-kros proban aritu ezinik...
Nik bizi osoan egin izan dut ziklo-krosa, gazte mailetatik... Ez dakit gero errepiderako ona izango den, baina txarra behintzat badakit ez dela. Eta horri helduko diot: ziklo-krosa ez da txarra, gustura egiten dut. 

Gainera, denboraldi bikaina egin duzu ziklo-krosean: hainbat garaipen eta Espainiako Txapelketan hirugarrena sailkatu zinen. 
Bai, aurten suertatu da lasterketa batzuk irabazi ditudala eta hirugarrena izan naiz Espainiako Txapelketan. Gustura egiten dut. 

Zer moduz bizi da ormaiztegiar bat Ziordian?
Ongi, lasai. Beti bidaiatzen nabil, lasterketak direla eta ez direla, eta nahi baino gutxiago nabil herritik, baina lasai eta ongi bizi naiz.  

Entrenatzeko hobeak dira gure errepideak? Askotan Gipuzkoako errepide masifikatu horietan entrenatzea konplikatua izango da, ez?
Hemen hobe esango nuke. Azpimarratzeko puntu potolo bat da hori. Egun txirrindulariok daukagun arazo handietako bat errepideak dira, trafikoa eta horrek ekartzen dituen ondorioak, istripuak eta abar luze bat. Hemen, alde horretatik, oso ongi gaude, Gipuzkoa aldean baino hobe. 

Aita txirrindularia zenuen –Espainiako kros txapelduna izan zen– eta zuk eta Jon zure anaiak bere bidea jarraitu zenuten. Zure txikiek ere zaletasuna badute?
Momentuz ez. Nire historia hori da, baina hemen bakoitzak bere bidea egin behar du eta nire umeek momentuz ez dute halako inongo ilusio espezialik bizikletarekin. Gustatuko litzaidakeen gauza bakarra haurrak ongi eta osasuntsu hezitzea da. Kirol munduan ibiltzea? Gustatuko litzaidake, kirola beti ona delako eta balore asko ematen dituen bizitzeko modu bat delako. Alde horretatik gustatuko litzaidakeela, baina ez bereziki txirrindulari izatea, baizik eta beraiek ikus dezaten zer nahi duten; gehien gustuko dutena eta ahal dutena egin dezatela. 

Erlazionatuak