Espainiako Vuelta 2020

"Vueltak azken urteetan hartu duen formatu hori ez datorkit ongi"

Maider Betelu Ganboa 2020ko urr. 19a, 13:03

Aldaketarik ezean, bihar, asteartea, ekingo dio Gorka Izagirrek denboraldiko azken itzuli handiari, Vueltari. Asteazkenean, Sakanatik pasako da, etxe ondotik

Lieja-Bastogne-Lieja Klasikoan lehiatzetik bueltan zetorrela orain arteko denboraldi bitxia izan du hizpide Gorka Izagirre Insaustik (Astana). Madrilgo aireportuan zegoen, Bilbora, lehenik, eta Ziordiko etxera, bigarrenik, joateko bidean. Pandemia dela eta, azken unean aldaketarik ez badago, asteartean Irunen hasiko den Espainiako Vueltan ariko da Gorka Izagirre. Vueltarekin zer gertatuko den azken unera arte ez dagoela jakiterik aitortu du. 

Otsaila bukaeran Emirerri Batuetako UAE Tourrean lehiatzen ari ziren COVID-19ak proba bertan behera utzi zuenean. Ondoren koronabirusa gurera iritsi zen, konfinamendua etorri zen, eta ondoren errepideetara buelta. Eta tartea izan duzu abuztuan Grande Trittico Lombardo proba irabazteko eta Tourrean talde lan bikaina egiteko. 
Lasterketei dagokienez, denboraldia berandu hasi da baina nahiko intentsitate handikoa izan da. Tourretik bueltan, atseden pixka bat hartu eta ondoren Ardeetan izan ginen, bi klasikotan. Eta orain, gauzak ongi, Espainiako Vuelta dugu aurrez aurre. Ea zer gertatzen den. 

Txirrindularitzaren aurtengo helburua Frantziako Tourra nola edo ahala aurrera ateratzea zen, babesleei begira, txirrindularitzari begira eta taldeen bizirauteari begira. Helburua lortu da eta, gainera, Tour ikusgarria izan da. Miguel Angel Lopez liderraren alde lan handia egin zenuen eta tarte batean sailkapen orokorreko 3. postuan egon zen Lopez, baina Pogacarrek irabazitako erlojupeko ikusgarrian podiuma galdu zenuten. Tourraren zer nolako balorazioa egiten duzu?
Besteek ni baloratu beharko nindukete, baina pertsonalki ongi sentitu nintzen Tourrean. Astanan ez genuen gaizki egin. Sailkapen orokorrean atarian izan ginen, baina azkenean ez zen lortu. Alde horretatik pena pixka batekin geratu ginen, baina bi etapa irabazi genituen eta gustura. Lan ona egin genuen.  

Tourreko azkenaurreko etapan Pogacarrek (UAE Emirates) guztia nola irauli zuen eta Roglici (Jumbo) maillot horia nola irabazi zion ikusgarria izan zen. Erlojupekoan lortu zuena sorpresaz bizi izan zenuten edo tropelean arerioak nola dauden ongi asko dakizue eta ez zizuen harritu?
Gauza batzuk beharbada ez digute harritzen, baina Pogacarrenak bai. Tropelean hurrengo egunean Parisko etapan beste hitzik ez zen, Pogacarrek nola eman zion buelta eta Tourra nola irabazi zuen. Asko hitz egin da Roglic-ek ez zuela erlojupeko ona egin baina esan beharra dago erlojupekoa ona izan zela berea; txarra ez zen izan. Gauza da Pogacarrek hegan egin zuela eta buelta ematea lortu zuela. 

Tourrean jende asko ikusi genuen portu eta herri eta toki jakin batzuetan eta gutxixeago beste toki batzuetan. Orokorrean ikusle gutxiago izan dira?
Dudarik gabe, askoz ere jende gutxiago egon da. Frantzian Departamentuka sailkatuta zuten birusaren gaia, arrisku mailaren arabera. Orduan, gertatzen zitzaigun leku batera iritsi eta inor ez egotea, eta hurrengo egunean etapa beste leku batean atera, departamentuz aldatu eta hor jendez gainezka egotea. Kontraste handiak izan dira, baina modu orokor batean hartuta, Tourrean askoz ere ikusle gutxiago egon dira. 

BURBUILAZ
Tourra aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da txirrindulariak eta taldeak burbuila batean sartuta egotea, COVID-19 birusa zuenera ez heltzeko. Noiz sartu zineten burbuilan?
Lehenengo kontzentrazioa Sierra Nevadan egin genuen; uztaileko 20 egun egon ginen bertan, talde osoa erabat isolatuta. Gero etxera etorri ginen. Hor etortzen dira arazoak; bakoitzak bere bizitza pertsonala izaten du eta zaila izaten da isolamendu hori mantentzea, baina gu horretan saiatzen gara, besterik gabe. 

Gogorra izan da?
Bai, eta izaten ari da. Azkenean bizimodu aldaketa bat egitea da; txipa aldatu behar da, gauzak lasai hartu eta onartu orain gauza batzuk ezin direla egin. Horrekin bizitzen ikasi behar da momentu hauetan behintzat. 

Tourretik etxera, gero Ardeetara, atzera ere etxera, gero Vueltara... birusa dela eta beti kontuz, seinale guztiak zaintzen...
Jakina. Eta ez dira itzuli handiak bakarrik. Lasterketa bakoitzeko burbuila bat egiten dugu. Arazoa, askotan, etxera bideko bidaian egoten da ere. Aireportuetan jende askoren inguruan zabiltza, eta leku hauetan kontu handiarekin ibili behar da. 

Giroa ez zen ongi hasi Astanarendako. Hasierako erlojupekoan Miguel Angel Lopez lurrera erori eta Giroa utzi behar izan zuen, baita Vlasovek ere, gaixorik. Jakob Fuglsang liderrari Giroa zaildu egin zaio. 
Bai. Girorako taldea egitea ere kosta egin zen, positibo kasu batzuk egon zirelako taldean. Horrek ere Giroa zaildu zuen, eta gero Miguel Angelen eta Vlasoven bajek egoera makurrarazi zuen. Fuglsangen helburua Giroa da, bera ongi dago, eta ikusiko da egunetik egunera nola doan. 

VUELTA, ZALANTZAK
Vueltara zein talde eramango du Astanak?
Oraindik taldea ez dago guztiz itxita –elkarrizketa urriaren 5ean egina dago–. Gauzak ongi ni bertan izango naiz, Omar Fraile ere bai, uste dut Alex Aranburu ere bertan egotekoa dela eta baita Luis Leon Sanchez ere, baina hortik aurrerakoak ez dakizkit. 

Taldeko lider garrantzitsuenek Giroaren hautua egin zutenez, Vueltan zure aukera izan dezakezu. 
Ikusiko da, ea nola heltzen garen eta ea Vuelta bera egiten den. Gauzak airean daude, Espainiar Estatuan COVID-19 birusa nola dagoen eta gauzak nola ari diren jartzen kontuan hartuta. Uste dut azken momentura arte ez dugula ezer jakingo. 

Kolokan ikusten duzu Vuelta? Imajinatzen duzu antolakuntzako norbaitek esatea 'ez da Vueltarik egongo, ezin da Vuelta atera'.
Bai, zergatik ez? Ikusten dut eta gauzak jartzen ari diren bezala, ez lidake harrituko. Eta ulertuko nuke. 

Portuetan despeditzen diren etapetan ezingo da ikuslerik egon eta halako beste hainbat neurri etor daitezke. 
Jakina, etorriko diren neurri guztiak oraindik ez dakizkigu. Estatu osoan egoera okertzen ari da. Ni ez naiz erabakia hartuko duena, Unipublic da Vueltako antolatzailea, eta bere gainetik Tourreko antolakuntza eta UCI bera daude, eta horien guztien gainetik Espainiako Gobernua egonen da. 

Urriaren 20an, asteartea, hasiko da Espainiako Vuelta, Irunen hasi eta Arraten despedituko den etaparekin. Gauzak ongi, noiz bilduko zarete Astanakoak Vuelta prestatzeko?
Pandemiagatik Vuelta atzeratu zutenean, hasieran Holandan jokatzekoak ziren lau etapak kendu zituzten. Horregatik 18 egunera gutxitu da Vuelta eta asteartearekin hasiko da. Hasiera asteartean izaki larunbata aldera elkartuko gara, normalean hiruzpalau egun lehenago elkartzen baikara. 

Espainiako Vueltako lehen etapa Irunen hasi eta Arraten despedituko da, eta bigarrena, asteazkenean jokatuko dena, Iruñean hasi, Lizarraldera jo eta Urbasatik Sakanara sartuko da, Sakana zeharkatu eta Uharte Arakilgo pistatik Aralarko pista igotzeko, ondoren Lekunberrin despeditzeko. Etapa bat etxetik pasatzea berezia izango da. 
Bai, noski. Azkenean urte osoan mundu osotik zehar gabiltza, toki guztietako errepideetatik barna, eta bizpahiru egunetan etxe ondotik pasako gara. Ezagutzen dituzun errepideak eta mendateak pasatzea beti da oso gustagarria. Eta zalegoa, zer esanik ez. Hemen zaleen harrera oso beroa izaten da, denek ezagutzen zaituzte eta oso gustagarria izaten da etxean lasterka egitea, nahiz eta aurten gure mendateetan ikusleak egotea debekatu. 

Aralarko pista edo portua zer iruditzen zaizu? Gogorra al da?
Oso gogorra. Aralar oso gogorra da, bai noski. 

Pirinioen eta halakoen ondoan akaso ez zaigu horrenbesterako iruditzen...
Bai, oso gogorra da, eta agian lasterketa egunean erabakigarria izango da; bigarren eguna da, eta bi lasterketa izan daitezke: bata etapa ehiztariendako eta atzetik sailkapenarendako, baina San Migelek dena hautsiko duela, hortaz ziur nago. 

Tropelean zoaztenean, lasai, jaioterritik pasatzerakoan eta halakoetan ondokoari esaten al diozue: 'hara, hau nire herria da'. 
Ez, ez dugu halako tarterik (kar, kar…), komentatzen duguna da gero eta tarte gutxiago izaten dugula gure artean hitz egiteko. Bukaeran, taldekideen artean edo hotelean gaudenean, lasaiago, egiten ditugu halako komentarioak, esaterako: 'zenbat jende zegoen puntu honetan' eta 'ze giro zegoen tontorrean'… Halako gauzak bai, baina etapa bukaeran. 

Vueltan ere orain arteko segurtasun neurriak izango dituzue. Berriro ere PCR-ak eta ohiko odol analisiak, goitik behera kontrolatuta egongo zarete.
Bai, eta hori ez da soilik Tourrean izan, aritu garen lasterketa guztietan izan da. Lasterketa guztietara horrela goaz: bi PCR egiten ditugu aurretik. Eta odol analisiena betidanik dago hor. 

Nola sentitzen zara Vuelta hasteko bezperatan? Sasoitsu?
Ongi. Ardeetako Klasikoetan ere ongi ibili naiz eta ikusiko dugu. Hala eta guztiz ere, Vuelta oso gogorra da ibilbidez, eta ikusiko da. Itzuli handietan egunetik egunera joan behar da eta ikusiko dugu zer moduz ibiltzen garen. Niri berez Vuelta bezalako itzuli bat ibilbide aldetik ez datorkit ongi, bereziki azkeneko urteetan Vueltak hartu duen formatu horri begira: aldapa piko horiek ez dira onak nire ezaugarrietarako. 

Faborito nagusiez ere ez da asko hitz egiten. Bezperara arte taldeek ez dute esango nor eramango duten, baina iazko Vueltako txapeldun Roglic (Jumbo), Froome (Ineos), Carapaz (Ineos), Dumoulin (Jumbo), Enric Mas (Movistar Team), Pinot (FDJ), Valverde (Movistar Team) dira entzuten diren izenak. 
Hala da, azken unera arte ez dira taldeak konfirmatuko; aurten oso arraroa izan behar da guztia. 

9 GARAIPEN ERREPIDEAN
2008tik zara profesionala. NGC Medical-OTC Industria Porte, Contentpolis AMPO, Euskaltel-Euskdadi, Movistar Team, Bahrain Merida eta Astana izan dira zure taldeak. Profesionaletan 8 garaipen dituzu: Ordiziako Klasikoa hirutan (2010 eta 2012 eta 2014); Luxemburgoko Tourreko etapa bat 2010ean; 2017an Giroko 8. etapa eta Amorebietako Klasikoa; 2019an Espainiako Txapelketa; eta aurten, 2020an Grande Trittico Lombardo irabazi duzu eta horretaz gain Espainiako Txapelketetan erlojupekoan hirugarrena izan zara eta errepideko txapelketan txapeldunordea. Oso kontentu egoteko modukoa, ez?
Bai, egia esan. Baina 2019ko Provenzako Tourraren garaipena ahaztu zaizu. 

Hara, hortaz 9 garaipen...
Bai, eta Espainiako Vueltako taldekako bi erlojupeko ere. Asko ez dira eta... (kar, kar...).

Vuelta jokatu eta gero errepideko denboraldia despedituko da. Iaz oso ondo ibili zinen ziklo-krosean, Espainiako Txapelketan hirugarrena izan zinen eta Garai eta Ormaiztegiko lasterketak irabazi zenituen. Aurten lokatzetan murgilduko zara?
Ez, aurten ez naiz ibiliko. Oso berandu bukatuko dugu aurtengo denboraldia, azaroaren erdian, eta dena soka batekin etorriko da segituan. Ez fisikoki bakarrik, buru aldetik ere hori guztia hustu beharrean zaude. Eta berehala hasiko da hurrengo denboraldia; kontzentrazioekin abenduan hasiko gara taldeak, eta dena pilatuko da. Atseden hartzeko tarte gutxi izanen dugu. 

Zurrumurruak ere zuen bizitzako parte izaten dira. Oscar Guerrero altsasuarrak zuzentzen duen Israel Start-Up taldeak Chris Froome fitxatu du eta Froome laguntzeko taldean Izagirre anaiak egotea nahi omen zuten.  
Ahaztuta dago kontu hori. Nik beti esan dut Astanan jarraituko dudala. Gauzak ongi badoaz, datorren urtean ere hemen jarraituko dut.

Erlazionatuak