Arabako aldundia arkeologia espoliazio auzian parte izanen da

Guaixe 2021ko urt. 29a, 10:34
Ertzaintzak Agurainen atzemandako arkeologia piezetako batzuk.

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu zituen abenduan, ziordiar bat tartean, eta 20.000 arkeologia pieza berreskuratu zituen Agurainen. Epaiketan parte izanen da Arabako Aldundia.

Arabako historia ondarearen kontra egindako kalteengatik epaitegian Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiak zabaldutako auzian Arabako Aldundiak ekintza zibil eta penalak gauzatuko ditu, “tartean diren eta lurraldeari zuzenean eragiten dioten interes publikoak babesteko”. Ertzaintzak Foruzaingoaren laguntzaz egindako operazio batean hiru gizonezko arabar eta ziordiar bat atxilotu zituen abenduaren 10ean. Guztiei leporatu diete kobazuloak eta aztarnategiak espoliatzen aritzen zen talde kriminal bateko kideak izatea. Gainera, Agurainen atxilotutako gizonezko baten etxearen miaketan 20.000 arkeologia pieza atzeman zituen Ertzaintzak.