Ziordiarra arkeologia espoliazioagatik ikertuta

Guaixe 2020ko abe. 25a, 14:09
Ertzaintzak Agurainen atzemandakoaren zati bat.

Ertzaintzaren operazioaren ondorioz pertsona bat atxilotu eta hiru ikerketapean gelditu dira. Araban espoliazio arkeologikoan ari zen talde kriminal bat osatzen omen zuten. Ertzaintzak 20.000 aztarna baino gehiago atzeman ditu atxilotutakoaren Aguraingo etxean 

Ertzaintzak, Euskadiko Kultura Ondarearen espoliazio arkeologikoaren aurka burututako operazio baten esparruan, legez kanpo eskuratutako 20.000 pieza baino gehiago berreskuratu zituen abenduaren 10ean. Gainera, agintari judizialaren esku atxilotu bat eta hiru ikertu utzi zituen. Ziordiarra atxilotzeko Ertzaintzak Foruzaingoaren laguntza izan zuen. Laurei leporatzen zaie kobazuloak eta aztarnategiak espoliatzen aritzen zen talde kriminal bateko kideak izatea. Ertzaintzak azaldu duenez, nagusiki Araban aritzen ziren, baina baita Nafarroan edo Kantabrian. Ikerketa Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiak zuzendu zuen, eta jarduketen gainean sumario-sekretua agindu zuen.

Asparrenako Udalak, Arabako Lautadako hainbat udal, Arabako Foru Aldundiaren ordezkariak, inguruan lanean ari diren arkeologoak eta Ertzaintzako agenteak bilera egin zuten joan den urteko garagarrilean. Arabako hainbat aztarnategitan, bereziki Asparrenako eta Aguraingo mugapeetan, aztarna historikoetan sumatutako kalteen eta lapurreten arazo larriaz hitz egin zuten bertan. Bileraren ondoren, Foru Aldundiak hainbat salaketa jarri zituen espoliazio arkeologikoagatik. 

Ertzaintzak susmatu zuen ustezko delitugileek Eusko Jaurlaritzak jada babestu gisa deklaratutako kobazuloak, giza asentamenduak eta aztarnategiak espoliatzen zituen edo aztarnategi berrien bila ari zen talde kriminal bat osatzen zutela. Taldearen modus operandiari dagokionez, taldekideek aurretik informazioa biltzen zuten helburuak hautatzeko, eta gero kobazulo eta aztarnategietara joan eta legez kanpo hartzen zituzten aurkitutako aztarna arkeologiko guztiak. Horretarako, kata klandestinoak egiten zituzten metodologia zientifikorik jarraitu gabe, kalte konponezinak eraginez testuinguru arkeologikoetan, eta kobazuloen barruan egiten zituzten ibilaldi espeleologikoetan aurkitzen zituzten hondar guztiak biltzen zituzten.

Ikertzaileek jakin ahal izan zuten pertsona horiek 2010etik ari zirela legezko kanpoko jarduera horretan, eta taldeko kideek Interneten argitaratzen zituztela ibilaldi horietako bideo batzuk. Horrez gainera, ikertzaileek jakin zuten atxilotu zuten pertsonak gordetzen zituela espoliatutako objektu gehienak, eta Aguraingo bere etxean garrantzi handiko bilduma pilatu zuen. Gainera, pertsona horrek bere bilduma konpentsazio ekonomikoen truke eskaini izan zuen, eta irabazi asmoz jarduten zuela esan nahi du horrek.

Aparteko historiaurreko bilduma litikoa
Instrukzio Epaitegiak etxebizitzan sartu eta miaketa egiteko emandako agindua betez, agenteek Agurainen atxilotutako gizonaren etxebizitza miatu zuten, eta bertan “museo” partikular moduko bat aurkitu zuten. Bitrinetan eta erakustokietan 20.000 pieza inguru zeuden, horien artean, historiaurreko silexezko erremintak, gizakien eta animalien hezur-aztarnak, zeramika-zatiak eta metalezko hainbat objektu, besteak beste, iltzeak edo ferrak. Euskal Herriko Unibertsitateko iturrien arabera, operazioa benetan garrantzitsua izan da, aurkitu diren silexezko elementu kopuru handia dela eta, Araban orain arte ezagutzen zen historiaurreko bilduma litikorik garrantzitsuena izan bailiteke. Miaketan ustez espoliatu diren lekuen mapak eta oharrez betetako koadernoak ere aurkitu zituzten, bai eta espeleologia ekipamenduak, material informatikoa eta beste hainbat material ere.

Lau gizonezkoak agintari judizialaren aurrera eraman zituzten, eta piezak Arabako Arkeologia Museora. Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuko teknikariek bertan katalogatu eta aztertuko dituzte dagokion peritu-txostena egiteko. 

Poliziak gogorarazi du debekatuta dagoela gobernuaren baimenik gabeko edozein esku-hartze arkeologiko, bai eta aztarnategietan metal-detektagailuak erabiltzea ere. Halakoak gertatzen direla, susmatuz gero halakoen berri emateko 112 telefono zenbakira hots egin daitekeela gaztigatu du. Azkenik, poliziak gogorarazi du partikular batek arkeologia aztarnak halabeharrez aurkitzen baditu, ez dituela jaso behar, berehala eman behar diola aurkikuntzaren berri udalari edo gobernuari, behar bezala jaso ahal izan ditzaten.