Ziordiar guztiek herriko txoko guztietara eroso iristeko, arkitektura oztopoak identifikatzeko lanean ari da Ziordiko Udala. Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu duenez, “hiru ziordiar daude gurpildun aulkian eta haiekin banaka elkartu gara. Arkitektura oztopoak non dauden zehazten ari gara haien laguntzaz”.
Bestalde, alkateak jakinarazi du pertsona helduendako parkea jartzeko asmoa duela udalak. Halako parkeen bidez, kalean ariketa fisiko jakin batzuk egiteko aukera dago. Horretan aditua den ziordiar baten aholkuak jasotzen ari da udala. Hiru makina jartzea aurreikusi dute, nahiz eta etorkizunean gehiago jartzeko aukera ez baztertu.
Azkenik, Irizarrek azaldu digunez, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik “ez dugu ideia bilketa egin”. Udalak ziordiarren iritzia jaso nahi zuen 2020an. Herritarrek Ziordian zein behar sumatzen duten jaso nahi zen, gero hori egiteko. 2016ko parte hartze aurrekontuen bidez ateratako hiru ideia gauzatu ziren: elkarte azpiko lokala egokitu zen 2017an, gimnasioa 2018an konpondu zen eta 2019an, berriz, haurrendako jolas parkea egin zen.