Oinezkoendako herria helburu

Guaixe 2021ko eka. 30a, 10:40

Udalak Ziordia sarrera jarri duen seinaleak abiadura dagoela gogorarazten du.

Ibilgailuen abiadura murrizteko hainbat neurri hartzen ari da udala.

Ibilgailuen gehienezko abiadura herrian 30 kilometro orduko dela gogorarazten dien seinalea argiduna dago Ziordia sarreran. Telleria kalean halako beste seinale bat jartzeko asmoa du Ziordiko Udalak, Olatzagutiarekin lotzen duen dermioko bidetik heldu diren ibilgailuen gidariei abiadura murriztu behar dutela gogorarazteko. Eta helburu horrekin neurri gehiago hartuko dituztela jakinarazi du Olatz Irizar Martinez alkateak. Esaterako, kaleetan goratutako zebrabideak edo abiadura murrizteko goratutako oztopoak jarriko dituzte. 

Aurreko urteetan ere ibilgailuen abiadura murrizteko hainbat neurri hartu ditu udalak. Horren lekuko dira joan den urtean plaza inguruan jarritako seinalea haurren presentzia gogorarazten duena edo Dona Maria kalean egindako azken lanekin egindako zebrabide goratua. Irizarrek azaldu duenez, “jendea oso azkar dabil herritik, eta hori guztia abiadura murrizteko egiten dugu. Gure helburua herria oinezkoena izatea da, eta ez ibilgailuena. Ea gutxika lortzen dugun”. Aurten jarritako seinale berriak 2.000 euro inguru balio dutela jakinarazi du. 

Bestetik, Ziordiko Udalak herria garbi mantentzeko herriko zortzi tokitan paperontziak jarri ditu. Alkateak azaldu duenez, “ez genuen paperontzirik”. Eta launaka jarri dituzte, “gure helburua jendeak hondakinen sailkapen egokia egitea da, horregatik, hondakin mota bakoitzarendako paperontzi bana dago zortzi puntu horietan. Paperontziek dagokien hondakinaren kolorea dute, oso bisualak dira eta pedagogia lana egiteko balio dute”. 

Dona Luzia kaleko 21 eta 58 zenbakien artean, Dona Maria kalearen 9 eta 29 zenbakien artean eta Miraria kalearen 12 eta 16 zenbakien artean sareak eta zoladura berritzeko lanak udan hasiko dira. Haiek despeditzen dituztenean ere paperontzi laukoteak jarriko dituztela gaztigatu du.