Kaleak berritzeko lanek badute hitzarmena

Guaixe 2021ko uzt. 7a, 09:33

Mª Carmen Garmendia Ziordiko idazkaria, Jesus Mª Rodriguez zuzendari nagusia, Bernardo Ziriza kontseilaria, Olatz Irizar alkatea eta Rosa Mendoza zinegotzia.

Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatu dute eta hiru kaleren lanen finantzaketa erraztuko dio udalari.

Olatz Irizar Martinez alkateak eta Bernardo Ziriza Perez Lurralde Kohesiorako kontseilariak hitzarmena sinatu dute herri lan batzuen finantziazioa lotzeko. Ziordiko Udalak herriko hiru kale berritzeko 430.000 euroko aurrekontua duten lanak eginen ditu udan. Haietatik udalak 255.000 euro jarriko ditu eta Nafarroako Gobernuak gehienez ere 175.000 euro. Zehazki Dona Luzia kaleko 21 eta 58 zenbakien artean, Dona Maria kalearen 9 eta 29 zenbakien artean eta Miraria kalearen 12 eta 16 zenbakien artean eginen dira lan horiek. 

Perezek azaldu duenez, “hitzarmena Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko bultzatzen dituen ekintzen barruan sartzen da, eta herriko biztanleek zerbitzu eta azpiegitura egokiak izatea ahalbidetzen du”. Nabarmendu duenez, Ziordiak biztanleriaren %35 baino gehiago galdu du azken 70 urteetan, 1950ean 540 biztanle izatetik gaur egun erroldatutako 350 izatera igaro baita.