Astekaria

"Garaipen honek beste lasaitasun bat eman dit, baina lana egiten jarraitu beharra dago"

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 27a, 13:00

Ailetz Lasa, Dorletako Ama Sariko helmugan, garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Afizionatuen mailako bere lehen garaipena lortu du txirrindulari ziordiarrak: Dorletako Ama Saria. Nafarroako Erlojupeko Txapelketan eta datozen probatan lan ona egin nahi du Ailetz Lasak. 

2019an Laboral Kutxarekin debutatu zuen afizionatuen mailan Ailetz Lasa Lizarraga ziordiarrak, eta uztailaren 18an afizionatuen palmaresa mustu zuen, Leintz-Gatzagako XLIII. Dorletako Ama Saria irabazi eta gero. Garaipenak airea eman dio, eta dituen sentsazio onak aprobetxatuz, datozen probetan lan ona egiten jarraitu nahi du. 

Uztailaren 18a egun garrantzitsua izango zen, ezta?
Bai. Aurtengoa Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioarekin afizionatuen mailan daramadan 3. urtea da, eta garaipen hau iristea handia izan da; lortutako emaitzarekin oso pozik nago. 

Dorletako Ama Saria goitik behera kontrolatu zenuten Laboral Kutxakoek. Guztia irabazi zenuten: lehen hiru postuak, talde onenaren saria, tarteko helmugena, eta zuk, lasterketa irabazteaz gain, mendiko txapelketa irabazi zenuen. 
Bai, egia da talde oso ona eraman genuela. Hasierako ihesaldiak kontrolatu genituen eta lasterketa erdialdetik aurrera gu izan ginen erasoak jo genituenak. Xabier Isasa eta Ibai Ruiz de Arkaute taldekideekin aurrera egitea lortu nuen, eta azkenean Isasa eta biok batera iritsi ginen helmugara. Garaipena nire aldera erori zen, eta hirugarren gure taldekide Unai Iribar sartu zen. Triplete ederra lortu genuen. 

Esprintetan ongi moldatzen zara. 
Esprintetan sartzea gustatzen zait, egia esan, eta batzuetan emaitzetan ikusten da. 

Afizionatuen mailako lehen garaipena lortzeak airea eman dizu? Nolabaiteko presioa kendu duzu gainetik?
Nolabaitekoa. Afizionatuen mailako lehendabiziko bi urteetan gehienbat besteendako lana egitea tokatu zitzaidan. Denboraldiko erdialdetik aurrera sentsazioak hobetzen joaten dira, eta aurten postu hobeak egiten ari nintzela eta sentsazio hobeak nituela ikusten ari nintzen. Eta, egia esan, igande honetako garaipenak beste motibazio bat ematen dit. 

“Profesionaletara pasatzea txikitatik dudan ametsa da; emaitzak ateratzen ari dira behintzat, baina oraindik lanean segi beharko dugu eta gauza gehiago demostratu”

Aurten zure denboraldirik onena egiten ari zara. Igandeko garaipenaz gain, ekainaren 6an Ataunen jokatutako Euskadiko Linea Txapelketan txapeldunordea izan zinen. Bi podium garrantzitsu dira. 
Bai. Aurreko urtea pandemiarengatik urte hain arraroa izan zenez, aurten beste motibazio batekin prestatu dugu denboraldia. Denboraldi hasieran pixka bat kostatzen zait beti, baina buelta eman nion eta askoz ere hobeto nago orain. Emaitzetan ikusten da hori. Talde gisa ere, oso ongi gabiltza. 

Laboral Kutxakoek garaipen garrantzitsuak lortu dituzue aurten. Taldekideak ere ongi dabiltza, eta afizionatuetan mailako gorenean zaudete, Lizarte eta Rural Kutxa taldeekin batera. 
Egia da Euskal Herriko lasterketetan eta kanpokoetan ere emaitza dezenteak lortu ditugula. Garaipen ederrak lortu ditugu, eta, gainera, txirrindulari ezberdinekin. Lizarte eta Rural Kutxa taldeekin batera, nahiko berdintsu gaude. 

Burunda klubean trebatu zinen eta aurten Burundatik afizionatuetara igo den taldekide bat duzu, Iker Mintegi altsasuarra. Aurreko astean Madrilgo Itzulian aritu zineten elkarrekin. 
Txikitatik ezagutzen nuen Iker. Klub berean egon ginen, Burundan. Gaur egun berarekin taldea partekatzea oso ongi dago. Berarekin harremana dut, elkarrekin entrenatzen gara eta elkarrekin aritu ginen Madrilgo Itzulian, aurreko asteazkenetik igandera arte. Lehen, profesional mailakoa zen itzuli hau, baina aurreko urtean pandemiarengatik ez zen jokatu. Aurten, profesional mailakoa izan beharrean, 23 urtez azpikoa izatea erabaki dute. Itzuli gogorra izan da, beroak are gehiago gogortua, eta ongi ibili gara.

Zein dira denboraldiko beste helburuak?
Madrilen ondoren, abuztuaren 7an, Murchanten, Nafarroako Erlojupeko Txapelketa jokatuko dugu, gero Kantabriako Itzulia, eta segidan Valentziako Itzulia. Abuztuan eta irailean Euskal Herrian lasterketa asko ditugu aurretik. Horiek aprobetxatu, eta ea zer edo zer gehiago ateratzen den. 

Nolako txirrindularia zara? Nola definituko zenuke zeure burua?
Portuak igotzen, erritmoko igoerak ongi igotzen ditut; lautadan eta esprintetan oso ongi defendatzen naiz. Txirrindulari nahiko osoa naiz. 

Pentsatzekoa da profesionaletara saltoa ematea nahiko zenukeela. Pauso hori ematea zaila izango da. Nola ikusten duzu?
Zaila da. Profesionaletara pasatzea txikitatik dudan ametsa da; emaitzak ateratzen ari dira behintzat, baina oraindik lanean segi beharko dugu eta gauza gehiago demostratu. Lasterketa bat irabaztea oso zaila da; igandean lortutako garaipen honek beste lasaitasun bat ematen dit, baina lanean segitu beharko dut eta denboraldia ahal bezain hobekien bukatu.