Txirrindularitza

Gorka Izagirrek Olinpiar Jokoetako lasterketa "oso gogorra" izan zela aitortu du

Guaixe 2021ko uzt. 26a, 11:30
Gorka Izagirre, helmugan.

Selekzioko onena izan zen Gorka Izagirre, helmugan 23. postuan sailkatuta. Lasterketa "oso gogorra" izan zela azaldu du, eta "helburua ez dela bete"

Larunbat goizean jokatu zen Olinpiar Jokoetako linea lasterketa. 230 kilometroko lasterketa zen, gogorra, berotzarrak eta hezetasunak goitik behera baldintzatu zuena. Bertan aritu zen Gorka Izagirre. Ziordiarrarentzat bere lehen Olinpiar Jokoak ziren, eta bertan aritzeko gogotsu zegoen. Espainiar selekzioko estrategia nagusia Alejandro Valverde zen, eta haren alde lanean aritzeko asmoa zuen talde osoa. Tamalez, Espainiar selekzioko staffeko teknikari batek COVID-19an positibo eman zuen, eta egoera arraroa bizi izan zuen taldeak: ezin izan zuten gelatik atera, eta urduri zeuden, arituko ziren ala ez jakin gabe. Azkenean, baiezkoa eman zieten, baina taldeak ez zuen behar bezala atseden hartu. Eta horrek eragina izan zuen lasterketan. 

Panorama horrekin ekin zioten lanari Gorka Izagirrek, Jon Izagirrek, Omar Frailek, Jorge Herradak eta Alejandro Valverdek. Mikuni Pass mendatean, eguneko ihesaldia sortu zen, 13 txirrindularik egin zuten aurrera eta Valverdek ezin izan zuen sartu. Euren artean erabaki zen lasterketa eta, azkenean, Carapazek lortu zuen urrea, Van Aerten eta Tadej Pogacarren aurretik. Lehertuta iritsi ziren helmugara. 

"Ahal dutena" egin dute
Gorka Izagirre Espainiako selekzioko onena izan zen. 23. postuan sartu zen. “Pixka bat desilusionatuta gaude, helburu batekin etorri garelako eta ezinezkoa izan delako. Lasterketa oso gogorra egin da, bero ikaragarriarekin, eta ahal izan dugun guztia egin dugu” nabarmendu zuen helmugan. Halaber, staffeko kideak positiboa emateak sortutako zalapartak eragina izan duela gaineratu zuen. “Egoera zaila bizi izan genuen. Ostiral goizetik jakin genuen positibo eman zuela, eta gelan sartuta egon behar izan genuen. Ezin izan genuen ongi atseden hartu, ez baikenekien parte hartuko ahal izango genuen ere, bi ordu pasata baiezkoa jaso arte. Gau txarra izan da, eta ahal izan duguna egin dugu” berretsi zuen Izagirrek.