Zomorroak, pezkinak eta artzaiak eta beste Ziordian

Guaixe 2023ko ots. 14a, 13:11

2022ko Ziordiko ihoteak. ARTXIBOA

Otsailaren 18an, larunbata, ospatuko dituzte Ziordiko ihoteak. Otsailaren 25ean, larunbata, hiri ihoteak ospatuko dituzte.

Zomorroak, pezkinak eta artzaiak dira Ziordiko ihoteetako hiru pertsonaiak. Zomorroa praka eta atorra txuriarekin, zatekin eta apainduta joaten da, aurpegia estalita duela. Pezkinak mahoizko prakak eta zakua janzten ditu eta zintaz apaindutako txanoa eramaten du. Pertz batean errautsa eramaten du. Azkenik, artzainak garai bateko artzain jantzi arrunta daramaa, baina aurpegia zikinduta eramaten du eta danborra edo saski bat eramaten du. Otsailaren 18an, larunbatean, aterako dira gimnasio parean, eta ibilbidean zehar goiko iturrian, ermitan eta plazan geldituko dira eta jota eta porrusalda dantzatuko dute. Amaieran, berreskuratu berri duten Ziordiko Zortzikoa dantzatuko dute eta panpina erreko dute.

Bestetik, otsailaren 25ean, larunbata, herria guztiz itxuraldatuko da hiri ihoteak ospatzeko. Kuadrillak eguerdian mota guztietako mozorroekin aterako dira kalera.

Egitaraua

Otsailak 18 larunbata
Herri ihoteak

  • 18:30 Ihote segizioaren topaketa, gimnasio parean.
  • Ondoren, herrian zehar buelta musikarekin.
  • 20:00 Ziordiko Zortzikoa eta panpina erretzea, plazan.
  • 20:30 Merendua, plazan.