Hondakinen gaian, Ziordia gobernuaren zain

Guaixe 2025eko urriaren 1a

Ziordiko Udalak lantegira daraman bidea itxi egin du. ARTXIBOA

Arartekoak udalari eta gobernuari "modu koordinatuan" aritzea gomendatu die. Udala ez dago ebazpenarekin ados hondakinak jasotzearen ardura Nafarroako Gobernuarena dela uste baitu

Gurelur elkarteak Arartekoarengana jo zuen Aralur enpresa zenaren inguruan dauden hondakinak jaso ez direlako. Alde batetik, mendebaldean Gipuzkoako atez ateko bilketarekin jasotako eta guztiz konpost bihurtu gabea zegoen materia organikoko metak jaso gabe gelditu ziren 2014an. Ziordiko Udalak ordutik ari da meta horiek kentzeko eskatzen. Bestalde, lantegian Gipuzkoan birziklatzeko emandako arropa metak agertu ziren 2019ko udazkenean. Bota zuena ere harrapatu zuen Foruzaingoak. Eta hegoaldean jendeak hondakinak bota izan ditu. GAN enpresa publikoaren arabera 39.616 m3 hondakin baino gehiagoko bolumena dago lantegi inguruan.

Arartekoak ebazpenean aitortzen du udalak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak "ikuspegi guztiz kontrajarriak dituztela hondakinak ezabatzeko azken erantzukizunari dagokionez". Ebazpenak bi erakundeen iritzia jasotzen du: "udalak defendatzen du hondakinen biltegiaren jatorria Nafarroako Gobernuak prekarioki baimendutako material metaketa bat dela, eta, beraz, aldizkako jarraipen neurriak eta eremurako sarbidea mugatzeko neurriak hartzearen kalterik gabe, behin eta berriz eskatzen dio Udalari hondakinak kentzeko. Departamentuak, berriz, ukatu egiten du gai horretan duen erantzukizuna, argudiatzen duenez udalari legokiokeena".

Arartekoaren ustez hondakinak kentzeko eskumena "bi administrazioei dagokie". Horregatik, Arartekoak bati eta besteari gomendatu die "modu koordinatuan, behar diren neurriak har ditzatela eztabaidagai den hondakinen biltegia ezabatzeko".

Bidegabea
Ziordiko Udalari ez zaio "justua" iruditu Arartekoak berari ezer eskatzea. "gure esku dagoen guztia, eta gehiago, ari gara egiten", azaldu du Olatz Irizar Martinez alkateak. Gaineratu duenez, ebazpena jaso ondoren Arartekoari eta Gurelurri idatzi bana bidali zien udalak. Irizarrek azaldu duenez, "udalak bere esku dagoen guztia egiten ari da gaiaren inguruan. Urteak daramatzagu bilerak egiten Ingurumen Departamentuarekin". Irizarrek azaldu duenez, "azken urtean gaia bideratzen hasia zegoela iruditzen zitzaigun, baina berriro ere geldituta dago". Alkateak ziurtatu duenez, "udalak Ingurumen Departamentuarekin elkarlanean hartutako konpromisoak bete egin ditu".

Alkateak ziurtatu duenez, "Ingurumen Departamenduari dagokio fitxa mugitzea. Ziordiarrak oso haserre gaude gaiarekin. Aspaldiko kontua izateaz aparte, egunetik egunera gaia okertzen ari delako". Irizarrek gaineratu duenez, "udalari ardurak eskatzea ez zaigu justua iruditzen".