Aurten bi ziordiar gazte dira kintoak: Urtzi Gartzia Sanchez eta Haize Eroa Santos. Kinto segizioa kinto gaztek eta kinto zahar banak osatuko dute. Laukotea izanen da ospakizuneko protagonista, baina bakarren bat gehiago batuko zaie festara. Haiek antzematea erraza izanen da baserritarrez jantzita egonen direlako ospakizunean zehar. Larunbateko kinto eskean trikitilaria eta pandero jolea izanen dituzte aldean. Etxez etxeko eskean eskuzabala denari zahatoa eskainiko diote, ardo trago bat ken diezaion.
Zortzikoa ongi dantzatzeko entseatzen egon dira azken bost astetan, astearte eta ostegunetan. Aurreneko egunean Xabier Bengoetxea Ijurra irakaslea haiekin izan zen, oinarria finkatzeko. Baina ordutik euren kabuz moldatu dira, bideo batekin. Dantza ere ez zaie arrotza, joan zen urtean dantzatu baitzuten eta gogoratzen zutela azaldu dute. Gainera, fresko dute, ihoteetan dantzatu baitzuten. Larunbatean zortzikoa dantzatzera ere aterako da kinto bikotea. Ohi denez, nahi duten ziordiar guztiek batuko zaizkie dantzara. Izan ere, kinto protagonistekin batera, Ziordiko gainerako kintada guztiek ere beraien eguna ospatuko dute larunbatean.