Astekaria

"Frontenis txapelketaren inguruan sortzen diren giroa eta harremanak da politena"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko maiatzaren 21a

Juanjo Otsoa eta Ruben Izko lehenengo Frontenis txapelketako irabazleak. UTZITAKOA

Ziordiko Gaztetxeak gaztetxeak II. Frontenis txapelketa antolatu du; "giro polita" sortzen dela esan dute Juanjo Otsoa eta Ruben Izko aurreko edizioko irabazleek. 

Aurten 32 talde lehiatzea nahi dute gazteek.

1. Zergatik eman zenuten izena Ziordiko Frontenis Txapelketan?
Herriko gazteek, gaztetxekoek, antolatu zuten eta zerbait polita iruditu zitzaigun herriari bizitza pixka bat emateko. 

2. Frontenisera jokatzeko zaletasuna duzue? 
Bai; noizean behin jokatzeko elkartzen ginen. Ez askotan, baina kirol pixka bat egiteko elkartzen ginen. Gaztetxekoek Whatsapp talde bat sortu zuten eta Sakanako hainbat herritako jendea dago. Agian norbaitek jartzen du: bi gaude gaur 19:00etan jokatzeko eta izena ematen duen lehenengo biekin aurrera. Horrela antolatzen dira partiudak. Polita da, beste herrietako jendearekin elkartzen zara eta harreman berriak sortzen ditugu. 

3. Txapelketarako entrenatu zenuten? 
Ez; oso onak gara, ez dugu behar. Txantxa da. Pentsa, aurten ere izena eman dugu eta ez dugu jokatu finala jokatu genunenetik. Azkenean, partidu bat baino gehiago jokatzen ditugunez, lehenengoan agian baldarrago zaude, baina bizitzan zehar hainbatetan egin dugunez, azkar hartzen diozu. 

4. Zenbat partidu jokatu zenituzten?
26 bikotek parte hartu zuten, eta zazpi edo zortzi partidu jokatu genituen guk. Orokorrean partiduak ostiralean edo asteburuan izateko jartzen dute, baina tokatzen zaizun bikotearekin geldi zaitezke eta ez bazuten, astean zehar geratzen ginen beraiekin partidua jokatzeko. Aurten 32 bikotek izena ematea nahi dute eta horrela lau bikoteko taldeak osatuko dituzte bikote bakoitzak ahalik eta partidu gehien jokatzeko; ligilla antzeko bat egiteko (izena emate epea gehiago zabaldu dute;  ziordikogazteasanblada@gmail.com epostan informazio gehiago). Txapelketako aipagarriena da sortzen den giroa. Adibidez, Iturmendiko edo Bakaikuko norbaitek jokatzen badu, lagunak ere etortzen dira ikustera eta giro oso polita sortzen da. 

5. Zenbat irabazi zenituzten? 
Denak. 

6. Nolakoa izan zen finala? 
Politena izan zen festetan izan zela eta frontoia bete zela. Boletus Rumberus egon ziren musika jartzen, eta giro oso polita sortu zen. Oso-oso berezia izan zen. Azkenean zorte pixka bat izan genuen. 

7. Aurten ere izena eman duzue. Zein espektatiba dituzue?
Giroagatik bakarrik merezi du. Musika, giroa... Kariñoa jartzen diote eta ikusten da gauzak gustuarekin egiten direnean ongi ateratzen dela eta arrakastatsuak direla. Gure espektatiba, ongi pasatzea, jendearekin elkartzea eta behintzat astean behin jokatzen badugu, gero garagardo bat hartzeko aitzakia dugu ere. Hori da politena. Ez dakit irabazki dugun, aurpegi txarrarekin begiratuko gaituzte... Hezurren bat ez apurtzearekin eta pilotakada bat ez jasotzearekin, nahiko. 

8. Lehiakortasun handia dago? 
Bai, eh? Partiduak serio hartzen dira, baina behin bukatzen denean elkartzen gara eta zerbait hartzera goaz. Jokoa jokoa da; baina azkenean herri txapelketa bat da eta jokatzen duzu, baina gero ez diozu horrenbeste garrantzirik ematen. 

9. Materiala zuena da? 
Gazteek jartzen dute ere. Pilotak eta dena. Partidua dagoenean haiek badakite; adibidez, asteartean 19:00etan gelditu gara eta haiek frontoira joaten dira eta gurekin egoten dira epaile lanak egiten eta abar. 

10. Zer behar da frontenisera jokatzeko? Zein da sekretua? 
Asko ez arriskatzea, tantoa sartzeko ez garelako oso onak. Tantoa luzea egin eta pazientzia gehiago duenak irabazten du. Ez genituen estrategia asko jarraitu; ez gaude estrategia jarraitzeko moduan. 

11. Aurten ere dena emango duzue? 
Bai, noski