Sakanako Mankomunitateak aurtengo Bizi Festa bizikleta bide sarea mustutzeko baliatu zuen. Ehun bat pertsonek Ziordia eta Altsasuko bidearen zatian joan etorria egin zuten maiatzaren 31n. Ondoren guztiendako auzate osasungarria, herri jokoak eta bizikletak konpontzeko tailerra izan ziren. Eta tartean mustutze ekitaldia izan zen
Paki Urbitarte Cabrera Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikaria da eta Sakanako bizikleta bide sarea gauzatzeko lan handia egin izan du. Mustutze ekitaldian pozik zegoen: "urtetxo batzuk pasa ditugu bizikleta bide sarea gaur egun errealitatea izateko". Urbitartek gogoratu du helburu bikoitza duela proiektuak: "bizikleta bidez herrien arteko mugikortasun jasangarria sustatzea batetik, eta, bestetik, zikloturismoa sustatzea. Hala, bide sarea Sakana bide handiagoekin lotzen du". Azaldu zuenez, Irurtzunen Plazaola bide berdearekin eta Ederbidearekin bat egiten du eta Ziordian Arabako Lautadako bidearekin bat egiten du.
Bide sarea egiteko 2.492.357,25 euro bideratu dituzte. Obra egitea baino gehiago kostatu zaie ibarreko erakundeei finantzazioa aurkitzea. "Dirulaguntzak lortzeko saltsa mehe egin behar izan dugu". Hala lortu zituzten lau diru iturri: EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bati esker, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak milioi bat euroko zuzeneko dirulaguntza bat; Europako funtsetatik, Turismo Helmuga Jasangarrirako Planen bidez, 960.000 euro lortu ziren Cederna-Garalurren bidez eta Nafarroako Gobernuaren Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendaritzaren eta Turismo Departamentuaren dirulaguntzak. Guztira 2.376.180 euroko finantzaketa publikoa jaso du.
Bizikleta bide sarea mustu ondoren, Urbitartek adierazi duenez, "orain beste fase batean sartzen gara: ezagutzera ematea. Informazioarekin webgunean atal bat sortuko da. Turismo produktuari forma eman beharko diogu. Promozio bideoa egiten gabiltza...".
Teknikariaren iritziz, "sakandarrek bizikleta bide sarearen balorazio positiboa egiten dute. Egunerokoan hainbat herritan jendea bizikleta bidean barna ikusi daiteke, joan-etorrian. Eta asteburuetan, geroz eta gehiago, bestelako bizikleta erabiltzaileak ikusten dira, tarte luzeagoa egiten dutenak. Eta hori honen berri inon eman gabe". Urbitartek gaineratu du bizikleta bide sarean ardatzaren ibilbidea Donejakue bidearekin bat egiten duela zati handi batean. "Beraz, hemendik aurrera, zakutodun bizikleta horiek hemendik ikustea ohikoa izanen da".
Esandako gehiago
Sakanako Mankomunitateko lehendakari Aitor Larraza Carrerak nabarmendu zuenez, azpiegitura berria "etorkizuneko apustua da, emisioak murrizteko, mugikortasun aktiboko eta lurralde-kohesioko Europako politikekin bat datorrena". Azpimarratu zuenez, "proiektuak hurrengo urteetako iraunkortasun erronkei aurre egiteko eskualde konektatuago, osasuntsuago eta prestatuago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko du".
Ana Rivas Allok, Nafarroako Gobernuko Turismoko zuzendari nagusiak, esan zuenez, "zikloturismoa, Donejakue bidea, trekkinga, natura eta kultura ondarea Nafarroako turismoarendako baliabide oso garrantzitsuak dira. Egiten ditugun sustapenetan Sakana maiz ateratzen dugu". Rivasek gaineratu zuenez, "herritarrekin bat egiten duen turismo proiektua da, kirola egitera, naturaz, gastronomiaz eta kulturaz gozatzera heldu den jendea baita. Hori da sustatzen duguna eta behar dugun turismoa". Aldi berean, Turismo zuzendari nagusiak nabarmendu zuenez, "bide sarea errealitatea da tokiko agintarien urtetako ahaleginaren eta kemenaren fruitua da. Hainbeste ahaleginaren ondoren garai ederrak heldu dira"
Berta Miranda Ordobas, Nafarroako Gobernuko Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiak nabarmendu zuenez, "bizikleta bide sarea Sakanan mustutzea ez da kasualitatea, ibarra beti nabarmendu baita ingurumenarekiko eta mugikortasun jasangarriarekiko sentsibilitateagatik. Horren adibide da proiektua". Mirandak gaineratu zuenez, "gobernuan pentsatzen dugu ibilbide motzetarako bizikleta garraiobide onena da, jasangarriena, osasuntsuena, atsegina eta azkarragoa da". Halako azpiegiturekin garraiobide seguruena dela gaineratu zuen.
Mirandak esan zuenez, "Sakanako bizikleta bide sarearen 67 kilometroak Foru Gobernuak mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoaren beste adibide bat dira". Sakanako bide sarearen "intermodalitate ikuspegia" ere nabarmendu zuen Mirandak: "turismoaz aparte, eguneroko mugikortasuna errazteko helburua du. Intermodalitatea sustatzen du tren geltokietara hurbilduz, edo industrialdeetara gerturatuz".
Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiak nabarmendu zuenez, "Ibilbide horren eraikuntza bat dator Nafarroako 2022-2030 aldirako Mugikortasun Aktiboko Plan Zuzentzailearekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko populazio nagusiak lotzen dituen arteria-sarearen parte da, baita beste autonomia-erkidego batzuetako eta Frantziako auzo-lurraldeekin ere.
Aipatutakoez aparte, ekitaldian izan ziren ere Arantxa Arregi, Cederna-Garalurreko presidentea; Maria Jose Madeira, Arabako Foru Aldundiko Ingurune Naturaleko zuzendari nagusia eta Uharte Arakil, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Urdiain eta Ziordiko udal ordezkariak ere izan ziren.