Urtero ospatzen den Bizi Festa ekimena baliatu zuen Sakanako Mankomunitateak ibarreko bizikleta bide sarea mustutzeko. Adin guztietako pertsonei zuzendutako bizikleta ibilaldi bat egin zuten ehun bat parte hartzailek. Ondorengo mustutze ekitaldian hitza hartu zuten Aitor Larraza Carrerak, Mank-eko presidenteak, Ana Rivas Allok, Nafarroako Gobernuko Turismo zuzendari nagusiak, eta Berta Miranda Ordobasek, Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak. Ondoren guztiendako auzate osasungarria, herri jokoak eta bizikletak konpontzeko tailerra izan ziren.