Maiatzaren 11tik 15era, astelehenetik ostiralera, Arbizuko herri eskolak kulturartekotasuna eta elkartasuna lantzeko hainbat ekimen antolatu ditu. Besteak beste, ipuin kontaketak, tailerrak, jolasak eta erakusketa izanen dira.
Olaztiko Kamioien Lagunak elkarteak antolatutako Kamioien egunerako antolatutako kamioien eta garraiolarien argazki zaharren erakusketa ikusgai izanen da maiatzaren 31ra arte, Clinkerren. Ondoren, jubilatuen elkartera eramanen dute.
Maiatzaren 22ra arte, Ziordiko liburutegian, Eskubide urratuen oihartzuna erakusketa ikusgai dago, Ongi etorri migratu eta errefuxiatu zikloaren barruan. Yolanda Beltza da erakusketaren egilea, eta maiatzaren 6an, asteazkena, 19:30ean, mustutze ekitaldia eginen dute.
Maiatzaren 13an eta 20an, asteazkenak, 17:00etatik 19:00etara, Uharte Arakilgo udaletxean, Diziplina positiboa: seme-alabekin harreman eta komunikazio modu gisa gurasoendako tailerra izanen da, Kamy Mateo Kamynandoko kidearen eskutik. Gizarte Zerbitzuak eta Guraso Elkarteak antolatu du hitzaldia, eskolaren laguntzarekin.
Maiatzaren 6an, asteazkena, 19:00etan, Euskara, Atzera pausorik ez! elkarretaratzea deitu dituzte Andra Mari ikastolak eta Iñigo Aritza ikastolak, Etxarri Aranazko plazan eta Txioka haur ikastolaren aurrean, hurrenez hurren. Nafarroako Hezkuntza departamentuak gelak ixtearen erabakiaren aurrean, Nafarroako Ikastolak hainbat elkarretaratze eta mobilizazio deitzen ari dira. Besteak beste, Lodosako ikastolari eragingo dio erabakiak: "Auzi honetan ez gara ari ikastolen alde bakarir; Nafarroako hezkuntza komunitate osoaren alde ari gara. Nafarroa euskaraz josi nahi duten guztien alde". Ikastolak Nafarroa osoan euskarazko hezkuntza bermatzen duen sarea dela gaineratu dute: "Nafarroako euskaraz josten jarraituko dugu". Iñigo Aritza ikastolak maiatzaren 13an, asteazkena, 18:30ean, asanblada informatiboa deitu du, Iortia kultur guneko areto txikian.