Altsasuk "Hiri Txit Prestua" izendapena jaso zueneko 100. urteurrena

Guaixe 2007ko mar. 21a, 00:00

Udalak ez du ospakizun berezirik antolatuko.

1907ko martxoaren 26an Alfonso XIII. erregeak Altsasu herriari “Hiri Txit Prestua” izendapena eman zion. Alderdi Sozialistak urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzea proposatu zuen Kultura Batzordean, 12.000 euroko aurrekontua zutenak, baina gobernu taldeak —Aralar, Altsasuko Taldea, Ezker Batua eta EA— atzera bota zuen proposamena, kontra bozkatu eta gero. Ezker Batuak eta alkatetza taldeak adierazi zuten euren ideologia errepublikarra dela, eta bestalde ekitaldien gastua handia zela uste zuten, diru kopuru hori herrian dauden beste beharretara bideratu ahal dela gaineratuz. Altsasuko Taldeak azaldu zuen “proposamena azken orduan aurkeztu zela, ez dela landu eta ez dela bideragarria”. EAk iritzi bera zuen. 

Alderdi Sozialistak udaletxean ekitaldi publikoa antolatzea proposatzen zuen, gonbidatuekin, herritarrekin eta udal taldeekin batera. Oroigarrizko plaka mustutzea, ohorezko aurreskua dantzatzea, herri guztiari auzatea eskaintzea eta plazan kontzertua antolatzea planteatzen zuten. Gainera, herritarren laguntzarekin erakusketa prestatzea zen beste asmoetako bat, argazki, kartel eta egunkarietako ebakinekin osatutakoa. Ospakizuna martxoaren azken larunbat edo igandean izatea proposatzen zuten. 

Erret pribilegioa
Altsasu “Hiri Txit Prestua” izendatzearen kopia Altsasuko Kaputxinoen komentuan gordetzen da, ekimenaren bulkatzailea Lorenzo de Izal aita izan zelako, Altsasuko etxearen lehen presidente-gorena izan zena, hain zuzen. “Hiri Txit Prestua” tratamendua Hilario Olazaranen bitartez gestionatu zuen Izalek. Olazaran Lizarrakoa zen, baina bi seme zituen Altsasun, Agustin eta Hilario, azken hau musikari aipagarria izan zena. Olazaranek eskaria egiteko Francisco Javier Gonzalez de Castejónengana jo zuen, Vadilloko markesa zena, orduan eragin handia zuen pertsonaia baitzen. Nafarroako Korteetan diputatua izateaz gain, Madrilgo gobernadore zibila zen une haietan, eta hainbat gobernu kontserbadoreekin ministro izan zen. 

Izendapen honekin Altsasuren hazkundea berretsi nahi zen. Trena 1863an heldu zen Altsasura, eta horren ondorioz hazkunde handia ezagutu zuen herriak. 1906ko maiatzaren 25ean Alfonso XIII.a eta bere emaztegai Battenbergeko Victoria Eugenia trenez zihoazen Madrilera, eta goizeko 7:47an lauzpabost minutuko geldialdia egin zuten Altsasun. Garaiko prentsak dioenez Marcha Real doinuekin egin zieten harrera, koheteak jaurtiki zituzten eta ehunka pertsona bildu ziren erregea eta haren emaztegaia agurtzera. Erregea trenetik jaitsi eta bertan zegoen ejertzito konpainia ikuskatu zuen. Victoria Eugenia ez zen trenetik jaitsi, baina leihotik begiratu zuen. 
Eskariari jaramon eginez, 1907ko martxoaren 26an Alfonso XIII. erregeak Altsasu herriari “Hiri Txit Prestua” izendapena eman zion, eta izendapen hori Altsasuko armarrian dago jasoa.