Isuna euskaltzaleei

Guaixe 2012ko urt. 19a, 19:28

EHEko bi kidek 6.300 euroko isuna jaso dute euskaraz hitz egin eta gaztelaniazko seinaleak ezabatzeagatikEzabatu eta euskaraz bizi ekimenaren testu-inguruan, iazko azaroaren 18an Altsasuko Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) ezabaketa-kalejira antolatu zuen. Ekimen horren bidez euskaltzaleek salatu nahi zuten Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen duela. Ezabaketen bidez "herri euskaldunak bizi duen zapalkuntzaren mugak azaleratu, hausnarketa bilatu eta hizkuntza paisaia irauli" nahi izan zuen eragile euskaltzaleak. Izan ere, EHEko kideen iritziz, "Euskal Herrian gaude, euskaldunak gara eta eskubidea dugu joaten garen lekuetan euskaraz aritzeko".GertaerakEgun hartan EHEko kideak Altsasuko sarrerako trafiko seinaleetan ezabaketak egiten ari zirela bi foruzain agertu zitzaizkien. Galderak egiten hasi ziren eta euskaltzaleek euskaraz erantzun zuten. Polizietako batek, erdalduna, gaztelaniaz hitz egiteko agindu zien EHEko kideei, "euskararekiko oso jarrera txarra adieraziz. Guk berarekin harremana eten eta euskalduna zen foruzainarekin jarraitu genuen, euskaraz bizi nahi dugulako eta euskaraz egitea gure eskubidea delako".EHEko bi kideek jakinarazi dutenez, desobedientziagatik bakoitzak 150 euroko isuna jaso dute. Eta 3.000 euroko beste isun bana "inolako arrazoirik gabe trafiko seinaleak eraldatzeagatik". Deia Eragile euskaltzaleko kideen iritziz euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du oraindik ere bere lurralde osoan. "Asimilazio prozesua gelditzean jarri behar dugu lehentasuna, euskaldun bakoitzak eta herriak. Euskarari lehentasuna emanez egin behar dugu bidea". EHEtik "hizkuntza-politika burujabea" aldarrikatu dute. Horrekin batera, isunen zigor ekonomikoa arintzeko eginen diren ekimenetan laguntzeko deia zabaldu du. Aurrekariak1980an seinaleak euskalduntzeagatik altsasuar batek isun handia jaso zuen. 10 urte geroago soldatatik, hilero, 27.000 pezeta kentzen zioten. 1990eko apirilaren 25ean, berriz, Guardia Civilak EHEko hiru kide atxilotu zituen gaztelania hutsean zeuden seinaleak ezabatzeagatik. Bi egunen ondoren, udal bilkuran azaldu zuten administrazioak euskararekiko konpromisoak beteko balituzte ez zela halakorik gertatuko.