Ikurren alde herri gisa erantzuteko eskatu dute

Guaixe 2014ko abe. 1a, 10:59

Ostegunean, 20:00etan, Burunda pilotalekuan eginen den batzarrera joateko deia egin dute.

Larunbatean, euripean, 300etik gora altsasuarrek manifestazioa egin zuten. Gure ikurren alde, inposiziorik ez leloa zuen pankartaren aurretik ikurrina handi bat zutela egin zuten ibilbidea, Zelai kaleko masten parean despeditu zena. UPNren jarrera “antidemokratikoa” salatu zuten, “gureak ez diren sinboloak inposatzen saiatzen den bitartean, gure sinbolo eta ikurren kontrako erasoak eta kriminalizazio kanpaina burutzen ditu uneoro”. Foru administrazioarena “sorgin-ehiza” zela salatu zuten. “Gure ikurrak kendu beharrean zergatik ez dute eraikin publikoetan dauden ikur frankistak kentzen?”

UPNren erasoari herri bezala erantzuteko deia egin zuten: “gure identitatearen kontrako erasoa den heinean gure adierazpen askatasunaren kontrako eraso garbia ere bada. Altsasu herri oso anitza da eta ezberdinen arteko eskubideak defendatzea denoi dagokigu”. Atzera ere, nabarmendu zuten Zelai kaleko hiru mastetako banderak ez direla inongo instituziorenak, kolektiborenak edo partikularrenak: “ikur hauek Altsasuko herriarenak dira eta altsasuarrei soilik dagokigu erabakitzea zer egiten dugun ikur hauekin”. Horregatik, etzidamuko batzarrean parte hartzera deitu zuten.