Altsasuk hartuko du aurreneko Nafarroako Trikiti Jaialdia

Guaixe 2015ko urt. 16a, 10:00

Bihar, 17:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Sarrera guztiak salduta, trikitixa protagonista izanen da bihar Altsasun. Betiko estiloa eta molde berriak izanen dira entzungai. Sorpresa bat baino gehiago iragarri digute Nafarroako Trikiti Elkartetik. Elkarteko kide Patxi Agirre arbizuarrak esan digunez, “Nafarroan Trikitixa Eguna, Trikitixa txapelketa… egin izan dira aurretik, baina halakorik ez da egin Nafarroan”.

Beste herrialdeetako trikitiarendako erreferentzia egunak eredu hartuta antolatu dute biharko jaialdia. “Nafarroan ez zen halakorik egin” nabarmendu Agirrek. Urtero errepikatzeko asmoa ere azaldu digu: “Neretako hobe Sakanan izaten bada, poz-pozik. Baztanen, Iruñerrian, Lizarraldean ere halako jaialdi bat nahi dute. Are eta hobeto lortzen badugu”.

Egitaraua
Jaialdian joko duten ordenaren arabera eman digu Agirrek parte-hartzaileen berri. Guztiek ere hiru pieza joko dituzte. Tapia eta Leturia. “Gauza berriak egin izan dituzte eta halakoak azalduko dituzte ziurrenik”. Alaitz Telletxea eta Arkaitz Miner. “Garai batean aparteko sona lortu zuten Alaitzek eta Maiderrek. Baina dirudienez, Maiderrek ezin du etorri eta Arkaitz ariko da”.

Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar. “Nire ustez, eta askorendako ere, Etxaniz fenomeno bat da. Pilak sekula bukatzen ez zaizkion makina bat da. Saizar pandero jolea eta ahotsa. Bikotea askotan izan da Euskal Herriko txapelduna. Etxaniz kanpoan ikasten ari da eta biharko jaialdirako propio etorriko da. Eskertzekoa”. Izer eta Ines Osinaga. “Trikitixarekin Gose taldean bestelako musika egiten du Osinagak. Biak trikitilariak dira eta zer aurkeztuko diguten ez dakigu. Zeinek joko duen trikitia, batek edo biak, zeinek kantatuko duen… Eszenatokian ikusiko da”.

Elizagoien Ahizpak. “Oso-oso onak dira eta txapelketa asko irabazi dituzte, ez kasualitatez, maila oso ona dutelako”. Eneko Dorronsoro eta Aiora Urdangarin. “Zopilotes Txirriaus taldeko trikitilaria da Eneko eta Aiora Laket taldeko gitarra, pandero eta abeslaria. Hainbat txapelketetan parte hartu eta irabazi ditu beste trikitilari batekin”.

Ixteko, Gozategi. “Sakanara ekarri nahi genuen, 16 urterekin Asier izan zelako Arbizura ekarri nuen aurreneko trikiti irakaslea. Sakanan aritzen diren buruen irakaslea izan zen eta maila handia du. Anai arrebak ariko dira, eta Iñigo Goikoetxea batuko zaie piezaren batean”. Anjel Alkainek jaialdiaren aurkezpenari “gatza eta piperra” jarriko dio.

Zaletasunaz
Sakanan duela 26-27 urte hasi ziren trikiti eskolak ematen. Arbizun izan zen, Asier Gozategi irakaslearekin. Agirrek gogoan duen moduan, “orduan boom moduko bat izan zen eta kopurua mantendu bakarrik ez, gehitu egiten da”. Trikiti ikastaroek segitzen dute, baina musika eskoletarako jauzia egin nahian dabiltza. “Haietan trikitixa ikastea posible da, baina solfeo bidez ikasiz. Hura ez duten asko ezin dute ikasi. Beste metodo batzuk daude, haiekin erraz ikasten da. Hor gabiltza”.

Elkartea
Duela 14 bat urte sortu zen Nafarroako Trikitixa Elkartea. Instrumentua herrialdean ezagutzera emateko antolatu izan dituzte irteerak, Nafarroako Trikitixa Txapelketak edota Nafarroako Trikitixa Egunak ere. Bere egitekoan aurrera egiteko pizgarri berria da biharko jaialdia. Hura antolatzen egon diren, laguntzaile guztiendako esker oneko hitzak izan ditu Agirrek, besteak beste, Elizagoien ahizpak, Altsasun irakasle ari den Lohitzune Berastegi eta haren lagunak… Agirrek esan duenez, betidanik, “Sakanan jo ditugun ate guztiak esku zabalik zabaldu dizkigute”.

Afaria
“Badakigu noiz sartuko garen, baina ez noiz aterako garen”, esan digu Agirrek. 90 bat pertsonek eman dute izena afaltzeko. Dagoeneko txartelak saldu dira.