Udalak murrizketak genero berdintasunerako traba direla salatu du

Guaixe 2015ko mar. 6a, 10:47

Altsasuko Udalak, “austeritate arrazoiak direla eta, hamarkadetan lortutako aurrerapenak arriskuan” ikusten ditu, “berdintasunaren aldeko politika publikoak bertan behera gelditu daitezke”

 

Europako murrizketa politikak sexuen arteko ezberdintasunak areagotzen ari direla eta, Altsasuko Udalak emakumeen pobrezia eta bazterkeria handiagoan eragina izanen dutela nabarmendu du. Toki erakundeak “emakumeak, ekonomia, kultura eta gizarte arloetan ahaldundurik, gizarte-eragile estrategiko” gisa nahi ditu, “aldaketa sakonak izaten ari den gizarte honen erroka berriei aurre egin diezaieten”. Erakundeetan eta gizartean, arlo guztietan, genero harremanak kontuan hartzen dituen begirada berri bat.

Berdintasuna errealitate bihurtzeko konpromisoa bere egin du udalak. Horretarako, Altsasuko Udalak, gutxieneko baldintzak dituen berdintasun politika publikoa ere zehaztu du: borondate politikoa, berariazko erakundeak eta politikak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko, koordinazioa departamentuen zein instituzioen artean, emakumeen parte-hartzea erabakiak hartzeko prozesuetan, sentsibilizazioa eta prestakuntza genero-gaietan, diru- eta giza- baliabideak, eta datuak zein estatistikak sexuen arabera banaturik.

Ezberdintasunak segida
Martxoaren 8ko adierazpen instituzionalean Altsasuko Udalak aitortzen du joan den mendeko azken urteetan berdintasuna agenda publikoan ezartzea lortu zela. Ondorioz, “aldatu egin da emakumeen egoera soziala, espazio publikoan sartzea lortu baitute, hezkuntza arautuaren guneetan, lan-merkatuan eta ordezkaritza politikoan”.

Altsasuko Udaletik gaztigatu dutenez, “gizonak, baina, ez dira proportzio berean sartu ardurakidetzaren eta zaintzaren esparru pribatuetara”. Bestelako arazoak ere ez direla konpondu nabarmendu dute udaletik: “lan-segregazioa, kristalezko mugak eta soldata-arrailak; gainera, eskasak dira etxeko lanetarako eta bateragarritasunerako baliabideez hornitzeko zerbitzu-politikak”.

%63,85eko murrizketa
2013an Nafarroan, gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko jardueren aurrekontua kopuru horretan murriztu zen eta genero-ikuspegiaren ezarpenak atzera egin zuen.