Joan den urtean 80 urte bete ziren Guardia Zibilaren tiroz Emilio Iguzkiza hil egin zela. Urteurrenaren harira, lastailaren 12an, Altsasu Memoria eragileak omenaldi ekitaldia antolatu zuen eta oroigarri bat mustu zuen Gartzia Ximenez kalean. Eragiletik atzo jakinarazi zutenez, ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago Guardia Zibilak agertu eta baimenik gabe hura bertan behera uzteko esan zien. Antolatzaileek udalaren agindua erakutsi zieten eta aurrera jarraitu zuten ekitaldiarekin. Hainbat pertsona identifikatu zituzten eta haietako batek berriki isuna jaso du.
Altsasu Memoriak jakinarazi duenez, ekitaldia kalez jantzitako guardia zibilek zaindu zuten. Eguzkizak Iguzkizaren omenezko oroigarria kentzeko saiakerak salatu ditu. “Emilioren erailketa inpunitate osoz egin zuten eta inpunitate berdinarekin jarraitzen dute herri oroimenaren kontra” salatu du Altsasu Memoriak, “benetako herri memoria lantzen jarraitzeko konpromisoa” berretsiz.
Liburu aurkezpena
Octubre de 1934 en Euskal Herria liburua idatzi dute R. Garaik, J. Gutik eta J. Chuecak. Hiru idazleak apirilaren 10ean, ostiralean, 19:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean liburuaren aurkezpena eginen dute. Urte eta hilabete hartan hil zuten Iguzkiza. Hizlariak Altsasun eta Olatzagutian izandako langile borrokaz eta izandako errepresioaz hizketatuko dira.
Ekitaldi berria
Eragileak jakinarazi du garagarrilaren 13an herri oroimenaren bilketaren bigarren fasea aurkeztuko duela. 1950. eta 1992. urteen artean gertatutakoak jasoko dituzte: Fasako greba, Altsasuko ikastola, Gure Etxea, Franco Altsasun, Ikurrinaren jazarpena, estatu kolpea, Zen plana, gerra zikina, intsumisioa… “Argi dugu Altsasuko herri memoria auzolanean jaso behar dela, dinamikoa izan behar dela. Horregatik, deia luzatzen dugu gai horren inguruan interesa duen orori gurera etorri eta lanean hasteko. Guztion ekarpena ezinbestekoa da”. Altsasuarrei edozein bizipen, testigantza, bideo, agiri eta bestelakoak emateko eskatu diete. Haiek artxiboa osatu eta txukundu eta udal liburutegian uzteko asmoa dutela jakinarazi dute.