Peñaren heriotza salatzeko kontzentrazioa

Guaixe 2015ko mar. 24a, 14:12

Plataformak atzo arratsaldean jarritako kartelek pintaketak estali zituzten.

Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak Altsasuko Laboral Kutxaren bulegoaren parean ostegunean, 18:00etan, kontzentrazioa deitu du. Aldi berean, “argi eta garbi” utzi nahi izan du bulego horretan egindako txikizioak ez dituela plataformak egin.

Miren Peñaren heriotza salatzeko eta gaitzesteko kontzentrazioa deitu du Sakanako Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak. Etzi izanen da, 18:00etan, Altsasuko Laboral Kutxaren bulegoaren parean. Krisiak Miren hil zuela salatu nahi dute horrela. Kaleratzea+etxe-kaleratzea=hilketa leloa izanen du elkarretaratzeak. Gobernu ordezkaritzaren baimena jasotzeko zain daude. “Familiak hala eskatuta kontzentrazio isila izatea eskatzen dugu. Edozein arazoren aurrean deialdia bertan behera utziko dugu”.

Larunbatean egin zuen bere buruaz beste Peñak, Antsoainen. Emakumeak Laboral Kutxari hipoteka ordaintzeko baldintzak negoziatzea eskatu zion, jardunbide egokien kodea aintzat hartuta. Bezperan Laboral Kutxaren gutuna jaso zuen emakumeak. Kutxatik jakinarazi zitzaion legeak ezarritako baldintzak ez zituela betetzen, baina prest zeudela beste bide bat bilatzeko. Horregatik, astelehenean bulegora joateko eskatu zioten Peñari. Antsoaingo plataformako kideek esan dutenez, “egoera benetan zailean, muturrekoan, bizi zen Miren. Balantza beste aldera mugitu zuen azken harri koxkorra izan zen gutuna”. Larunbatean bere buruaz beste egin zuen.

Kalteen salaketa
Atzo goizean Altsasuko Laboral Kutxaren bulegoa kristalak hautsita eta pintaketekin agertu zen (kaleratze bat gehiagorik ez, kapitalismoa hiltzailea). Sakanako plataformako kideek “argi eta garbi utzi nahi dugu ez garena inoren ekintza bandalikoen arduradun egiten. Ez dugu sekula egin eta ezta orain egingo ere. Gure deialdiak beti baketsuak dira”.

Plataformako hiru kideek atzo, 17:00etan, “jende aurrean eta aurpegia agerian, bulegoko kristaletan kartelak jarri genituen”. Karteletan zera irakur zitekeen: ez da suizidioa, erailketa da; beste bide bat dago, baina kutxa honek ez du praktikatzen; etxe-kaleratzeei stop. “Guk kartelak jartzen ditugu. Ez dugu ezer hausten”.

Etxe-kaleratzeen kontra ari direnek nabarmendu dutenez, “gure zeregina legeak aldatu ahal izateko jendea ahalduntzean datza. Horretan ahalegin handiarekin eta baliabide gutxirekin ari gara”. Plataformako kideek alde guztietatik etor daitezkeen babesak onartzen dituzte, “beti ere, baketsuak eta egoera aldatzeko ideia badute. Hala bada, ongi etorriak babes guztiak”.

Bestalde, “pertsonen heriotzen erabilera ez-duina” salatu dute. “Alderdi, sindikatu eta gu bezala heriotza hauek sistemari leporatzen dieten pertsonek heriotza hauek plataformak batere gogoko ez duen moduan erabiltzen ari dira. Ez dugu uste hau gauzak aldatzeko modua denik. Horrela ez. Familiari errespetuagatik, jende hori halakoak egiteari utzi beharko lioke, honek familiari min egiten baitio”.