Cenor Ramosen erakusleihoa, finalista

Guaixe 2015ko abe. 16a, 19:02

Tresna elektrikoen eta elektronikoen birziklatzeari buruzko erakusleihoen lehiaketaren bigarren edizioan 13 dendek parte hartu dute. Saria Carcastilloko denda batek eskuratu du eta zortzi finalisten artean Altsasuko Cenor Ramos gelditu zen. Sariak atzo eman zituzten.

Nafarroako Gobernuaren ekimenez antolatu da lehiaketa eta bere helburua da dendak eta nafarrak hondakinen gaikako bilketan inplikatzea. Erakusleiho lehiaketan parte hartuz dendek “hondakin birziklatzearen garrantzia zabaltzen dute, salmenta puntuak kudeaketa egokirako estrategikoak baitira, han hondakin elektriko eta elektronikoak jaso baitaitezke”. Dendekin batera, Sakanako Mankomunitateak garbi gune ibiltariaren bidez halako hondakinak jasotzen ditu.

Egungo legedia betez gero, heldu den urtean hondakin mota horren %45 birziklatzeko jaso beharko dira eta 2018an %55. Dendek tresna berria saltzean zaharra jasotzeko eskaintza egin dezakete. Denda txikiek 25 cm bitarteko gailu zaharrak jasotzeko beharra dute. 400 m2-tik gorako dendek, berriz, handiagoak ere jaso ditzakete. Bi kasuetan ez dago ezer erosi beharrik.

3,71 kilo biztanleko
Hondakin elektriko eta elektroniko kopuru hori jaso zen Nafarroan joan den urtean. Estatuaren bataz bestekoa 3,5 da. Entxufea, pilak edo bateriarekin funtzionatzen duten tresnak dira aipatutakoak. Hondakin horiek egoki kudeatzea garrantzitsua da, sustantzia toxikoak edo kutsakorrak baitituzte; aldi berean, osagai gehienak birziklagarriak dituzte.

Hondakin horiek egoki kudeatzen ez badira, hondakindegietan bukatzen dute, ingurumenari kalte eginez eta, bide batez, baliabidea galduz. Baina birziklatzera eramanez gero, gai kutsakorrak kendu eta beste belaunaldietarako erabilgarri izateko moduan prestatu daitezke; jarduera ekonomikoa sortuz, gainera. Ekonomia zirkularraren eredu da.