Bidelapurren abenturak emandako saria

Guaixe 2016ko urt. 15a, 09:17

Etxeberria aipamena eskutan duela.

Iruñeko Udalaren XXV. egile berriendako literatura lehiaketako sariak abenduaren 23an banatu ziren. 2014an lehiaketarik izan ez zenez, “bigarren urtez” jarraian, sari banaketan izan zen Izaskun Etxeberria Zufiaurre. Izan ere, 2013an ere lehiaketa berean altsasuarrak narrazio laburren atalean, atzera ere, aipamena eskuratu zuen. Etxeberriari oraingoan aitortza Poltsa edo bizia narrazioak eman dio. Egileak azaldu digunez, “XVIII. mendeko Burundan kokaturiko bidelapurren abenturazko istorio laburra da, arina eta freskoa”.

Etxeberriak aitortu digunez, “lehenengo unean desilusio txiki bat hartu nuen bigarren aldiz atarian gelditua nintzelako; distantziatik, ordea, eta, batez ere, epai-mahaikideen iruzkinak ezagutu eta gero, bai, kontentu nago”. Izan ere, aitortza bera aurkeztutako narrazioaren kalitatea ere bada, “neurri batean, behintzat”.

Idazle Eskola
Sortzaileak jakinarazi digunez, “bai idazteko bai irakurtzeko, narrazioa dut literatura-eremu eroso eta gustukoena”. Narrazio laburra, zehaztu digu, “luzea beste kontu bat da!” Beste literatur generoek tentatzen ote duten galdetuta, Etxeberriak esan digunez, “antzerkiari ez nioke aterik itxiko, baina poesiarako ez daukat dohainik”.

Hamarkada hasieran despeditu zuen Bergarako Idazle Eskolako graduondoa eta ordutik Etxeberriaren adierazpidea literatura da. Berak dioenez, “orduan ohartu bainintzen, edo ohartarazi nindutelako, banuela idazteko nolabaiteko sena eta estilo berezi”. Etxeberriak gaineratu duenez, “beti izan naiz irakurlea, izugarri gustatu zait beti irakurtzea niretako plazera handia baita; Idazle Eskolatik pasatzea irakurtzetik idaztera dagoen saltoan bultzada izan da”.

Urratsa
Idazle Eskolako zuzendaria den Tere Irastortzak eta Castillo Suarez olerkariek akuilaturik lehiaketetan aurkezteko urratsa egin zuen. Aurretik ere Etxeberriak bi literatura sari irabaziak ditu. Biak ere 2011n: Berriobeitiko Udalak antolatutako III. narrazio erotikoen lehiaketa (Lepoa erakusteko eskatu zion ipuina) eta Aguraingo eskualdeko II. narrazio lehiaketa (Negukoa ematen zuen udazkeneko gau hartan ipuina).

Bere idatziak aldizkari, blog eta bestelakoetan argitaratuak ikusi ditugu. Aski? Edo libururik gabe ez dago idazlerik? “Ez dut nire burua idazletzat, inola ere, ez naiz idazlea, hitz potoloa da hori niretako; dena den, badaukat une honetan egitasmo bat esku artean eta gauzatuz gero ikusiko genuke...

Literaturarekin lotutako bestelako jardunak ere landu ditu Etxeberriak: “adibidez, Altsasuko Testu Bazka irakurle-kluba gidatu nuen, oso gustura egin ere eta, nahiz literatura ez izan, Guaixe astekarian eleberrien inguruko iruzkinak idatzi nituen eta gaur egun, berriro ere, Nafarroako Hitzan hilean behineko kolaborazioari ekingo diot”.