Urabaienen margo inpresionistak Iortian

Guaixe 2016ko urt. 14a, 18:25
Hugo Urabaien, Yoli Otxoa-Aizpurua eta Paula.

Ilbeltzaren 28ra arte, 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Jose Maria Urabaien. In Memoriam. Aitaren margolanez osatutako erakusketari izenburu hori eman diote Beatriz eta Hugo Urabaien Canovasek, eta azken horren bikote Yoli Otxoa-Aizpuruak. Urabaien margolaria Garesen jaio zen. Gerra ondoren Parisera emigratu zuen eta biltegi batean lan egiten hasi zen. Montmartrera, margolarien auzora, arratsaldeetan egiten zituen bisitekin pinturarekin zaletu zen. Autodidakta, akuarelarekin hasi bazen ere berehala jo zuen oliora. Garesera bueltatu eta zaletasunari eutsi zion. Iktusak gorputza erdia geldiarazi bazion ere, Urabaienek margotzen segitu zuen.

Bere jaioterriaz maitemindurik, Garesko paisaiak mihisetara askotan eraman zituen. Haietako batzuk ikusgai daude Iortian, garai bateko uzta bilketako eta saskigileen koadroekin batera. Erakusketa osatzen duten gainontzeko koadroetan natura-hilek eta ur masek (ibaiak, lakuak eta itsasoa) aparteko presentzia dute. Batean San Pedro zelaia ageri da ere. Azken horiek argazkietan oinarrituta egin zituen. Inpresionismotik edanez, koadro koloretsuak osatu zituen. Urabaienek 200 bat mihisez osatutako bilduma utzi zuen eta garai ezberdinetako lanekin osatu dute ondorengoek erakusketa. Bera bizi zela sorterrian eta Olkozko dorrean erakutsi zuen bere obra.

Mihiseez aparte Urabaienek objektuak ere margotu zituen. “Edozein euskarri balio zion”. Sorterria zeharkatzen zuten Done Jakue erromesek erabilitako kalabazak esaterako. Berak kalabazak hustu eta gero margotu egiten zituen. Urabaienen sormenaren ikur eta bere inguruan ezagun bihurtu ziren kalabaza horiek. Baina erakusketan badira pitxer handi, botil edo harri margotuak ere ikusgai. Erakusketa bere iloba Paularen bi koadrotxorekin osatzen da.