Gobernuak ez du klinika publiko bihurtzeko aukera aztertuko

Guaixe 2016ko ots. 11a, 17:09

Erreferentziako zentroa denez, hala eskatzen zuen EH Bilduren mozio bat atzera bota dute Nafarroako Parlamentuan.

Nafarroako Parlamentuak, beste behin ere, Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak egiten duen lana aho batez aitortu du. EH Bilduko Bakartxo Ruiz Jasok eraman du Altsasuko klinikaren aipamena Parlamentura. Ruizek Parlamentuari proposatu dio klinika zentro kontzertatua izatetik publiko izatera pasatzeko aukera azter dezan. Hau da, “Osasunbideko sare publikoan sartzeko aukera azter dezala”.

Ruizek adierazi duenez, “azterketa horretan gobernuak irizpide juridiko, ekonomiko eta osasungintzaren planteamendu estrategikoari dagozkionak aintzat hartu beharko lituzke eta eman beharreko urratsak”. EH Bilduk gobernuari eskatu dio “aipatu azterketa Parlamentuan hiru hilabeteren buruan aurkezteko”. Proposamena bozkatu da eta ez du aurrera egin. EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute (17 boto), UPNk eta PPNk kontra (17 boto). Geroa Bai eta PSN abstenitu dira. Berdinketa kasuetan mozioak ez du aurrera egiten.

Iritziak
UPNko Sergio Sayasek azaldu du gobernua funtzionatzen ez duena konpontzeko dagoela. Erregionalistak funtzionatzen duena zergatik aldatu behar ote den galdetu du. Baliabide publikoak egungo kontzertuarekin egoki bideratuak daudela adierazi du. UPNkoek kontrako boza eman dute.

Geroa Baik abstentzioara jo zuen. Maria Solana parlamentariak EH Bilduk proposatutako ikerketa interesgarria dela esan du. Hala ere, osasun departamentuaren eta klinikaren arteko premiazko elkarlan markoa sortzea proposatu du. Marko horretan inplikatutako eragile guztiak parte hartzea proposatu du. Koalizioa zerbitzuak publiko egitearen alde agertu da baina lehentasunak markatuz. Ruizek errepika unean erantzun dio elkarlan markoa egoki jotzen duela. “Emendakin gisa aurkeztu bazenute, alde bozkatuko genuke”. Baina zerbitzua hobetzeko aukerak jakinak direla gaineratu zuen,  kontzertua hobetzea edo publiko egitea.

Ahal Duguko Tere Saezek klinika publiko bihurtzearen alde daudela eta, beraz, azterketa egitea egoki jo du. Aldi berean, gobernua sustengatzen duten lau indarren programa-akordioaren berdintasun atala ekarri du gogora langileen lan baldintzez aritzean: “klinikako 52 langileetatik 48 emakumezkoak dira eta 4 gizonezkoak”.

PSN abstenitu egin da. Maria Chivitek administrazioak populazioari eman beharreko zerbitzuak zein diren zehaztu behar dituela aipatu du, “ez klinikaren premiak zein diren”. Ikerketa egitearen alde agertu da sozialista, baina ez publikoa egitearen alde. “Zergatik klinika hau edo ez San Juan de Dios edo beste bat?” Kontzertuak errebisatu beharra aipatu du. Errepika txandan Ruizek azaldu du %98ko jarduera publiko duen San Juan de Dios klinika publiko bihurtzearen alde dagoela EH Bildu. “Baina ez Iruñeko eta Altsasuko klinikek duten kontzertuak ez dira gauza bera. Altsasun aurrera egiten da langileen lan baldintzen prekarizazioagatik eta boluntarioen lanari esker”.

PPk kontrako botoa eman du. Javier Garcia Jimenezek azaldu duenez, “egoki funtzionatzen duena zergatik aldatu behar da? Aldatzeko ez dugu beharrik ikusten”. Baliabideen optimizazioaren eta publiko eta pribatuaren elkarlanaren alde agertu da. Gartziak beste klinika batzuk zergatik ez diren aipatu nabarmen du. Eta Ruizek erantzunean gogorarazi dio aurrekontuen emendakinetan Altsasuko klinikari dirua kentzea eta hura Cimara eta CUNera bideratzea eskatu zutela popularrek. Azkenik, I-Ek aldeko boza eman du. Marisa Simonek azaldu duenez, “herritarren premia da eta klinikak publikoa beharko luke”. Ikerketa integrala egitea eskatu du.

Bisita
Nafarroako Parlamentuko kideak martxoan Altsasuko klinika psikogeriatrikoa bisitatuko dute. EH Bilduk eskatu du bisita.