Larunbatekoaren moduko erasoen ondoren festa giroarena aitzakia gisa aipatzen da
Askotan entzuten dugu “mozkortua egonen zen”, “drogak kontsumitu zituen”, edo antzekoak. Guretako hori ez da erasoaren kausa. Eta aitzakia moduan ez dugu erabili behar. Nahiz eta gero epaiketan aringarriak izan.
Gure ustez hor azpian emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremana dago. Botere harremana eta ezberdintasuna. Halako eraso matxista baten muinean, nahiz eta oso gogorra izan, emakumezkoek jasaten dugun indarkeria egoera dago. Hori argi! Gainontzeko komentarioak, aitzakiak besterik ez dira.
Erasoak erantzun jendetsua izan zuen. Zer iruditzen zaizu herriak emandako erantzuna?
Pozik nago. Erantzuna inoiz baino handiagoa izan zen. Jende gazte pilo zegoen. Oso garrantzitsua da. Oso. Horrelako kontzentrazioak emakumeari laguntza emateko balio du. Baina, batez ere, hainbeste erasorekin, ukituekin, irainekin eta indarkeriarekin nazkatuta gaudela esateko balio du.
Jendetsua eta gazteak aipatu dituzu.
Oso ongi ulertzen du gure herriak halako basakeria bat gertatzea eta jendeak erantzuna eman nahi eta behar izatea. Dena den, nik esanen nieke erantzun hori ezin dela hemen gelditu. Sexu indarkeriaren kontra erantzuten segitu behar da.
Sexu indarkeriaren kontrako egunean DBHko 4. mailako ikasleek euren konpromisoak azaleratu zituzten. Festa giroa askotan aipatzen zen.
Sexu indarkeriaren inguruan hausnartu zuten. 15 urteko neska-mutikoendako eraso sexistak halako egoeretan gertatzen dira, festa giroan. Nik neskek hartutako konpromiso bat azpimarratu nahi nuke: nire laguna sekula ez utzi tabernako komunera bakarrik joaten edo tabernatik bakarrik ateratzen.
Zergatik?
Nire ustez konpromiso horrek adierazten duena garrantzitsua da. Neskek egoera horiek, komunera bakarrik joatea eta tabernatik bakarrik ateratzea, egoera arriskutsutzat dituzte. Haiek argi daukate momentu horretan ezin dutela bere laguna bakarrik utzi. Gaztetxoek hausnartu dute. Nik uste dut besteok ere zein egoeratan bizi garen hausnartu behar dugula.
Gazteek hori bizi dutelako, halako presentzia kontzentrazioan?
Baietz uste dut. Aurreko urtean festetan sexu indarkeriaren kontrako nahiko kanpaina handia egin zen. Neska-mutil gazteek argi zeukaten haien artean eraso sexistak gertatzen ari direla.
Pentsatzen dut zure lanean erasoen berri jasoko duzula, ezta?
Normalean gurean urteetan ematen diren indarkeria prozesu luzeak izaten ditugu. Etxe barrukoak. Normalean jasotzen dugun salaketa mota hori da. Gutxien halako eraso matxista puntualak izaten dira.
Salaketa asko dira?
Bai, asko dira. Ezkutuko indarkeria da. Denok dakigu gaur egun gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremanak ez direla pertsonen artean izan beharko luketen bezalakoak. Horrekin ere zerbait egin behar dugu.
Gizon-emakumeek, jendarteak, halakoak ez egoteko egiteko bat du orduan?
Bai. Lehenik, atzo jende pilok erantzun zuen. Guztiok informatu beharra dugu. Zeri buruz hitz egiten ari garen jakin behar dugu. Zer den eraso matxista bat, zergatik esaten dugun matxista… Baina ez guk profesionalok edo talde feministek erabiltzen ditugulako. Lege guztiak indarkeriari buruz hitz egiten ari dira. Munduko indarkeria larriena da. Zer da? Horregatik, lehenengo, informazioa.
Gero hausnarketa. Euren bizitzetan sexu indarkeriaren hausnarketa zein egoeratan agertzen da? Eta, azkenik, erantzun. Erantzuna ez da soilik eginkizun pertsonal bat. Erakunde guztiek egin behar dute lan hori. Lantegietan emakumeen kontrako indarkeria adierazpenak agertuko dira. Ikastetxeetan beste batzuk agertuko dira. Osasun zerbitzuetan bestelakoak, familietan beste batzuk… Toki guztietan dago. Hori egin beharrekoa dela uste dut.
Eraso kasuan zer egin behar da?
Indarkeria matxistaren eraso bat jasan duen emakumeak 112 telefonora hots egin behar du. Altsasuko berdintasun teknikari Idoia Goikoetxea Gomezek azaldu digunez, “dei bakar horrekin erakunde eta profesional guztiak koordinatzen dira”. Etxera joan eta beste ezer egin baino lehen, “erasoa gertatu eta lehenengo gauza” 112 telefonora deitu beharra azpimarratu du teknikariak.