Castroko eta Abadiñoko antzerkiak ekarriko ditu Tarima Beltzak

Guaixe 2016ko ots. 26a, 09:33

Altsasuko amateur antzerki taldearen elkartruke programari esker Juegos Prohibidos eta Guernica 1913 antzezlanak etorriko dira Altsasura martxoan.

 

Altsasuko Tarima Beltza antzerki talde amateurrak 6 urte daramatza amateur antzerki zikloa prestatzen. Baina beste aurrerapauso bat egin du taldeak eta asteazkenean elkartruke programa aurkeztu zuen Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Programa horren helburua beste herri eta erkidegoetako antzerki taldeekin elkartrukeak egitea da, Tarima Beltzak prestatutako antzezlanak beste tokietara eramateko eta beste tokietako antzezlanak Altsasura ekartzeko.

Aurkezpenean Tarima Beltzako Juan Manuel Herrero, Zapa, eta Mertxe Herrera eta Pedro Jimenez Altsasuko kultur zinegotzia izan ziren. Herrerok azaldu zuenez, urtean elkartruke bat egitea da asmoa, baina aurten bi eginen dituzte, aukera sortu delako. “Castro Urdialeseko Tela Marinera taldea etorriko da martxoaren 4an. Baina Abadiñoko Banarte taldearen Guernica 1913 antzezlan saritu bikaina ekartzeko aukera sortu zaigu eta ezin genuen galdu. Horrela, martxoaren 12an etorriko dira Abadiñokoak. Hurrengo denboraldirako Amurrioko talde batekin trukea egitea lantzen ari gara” azaldu zuen Herrerok. Tarima Beltzakoak irailean egon ziren Castro Urdialesen Nunca fuimos heroes antzezlanarekin eta oraindik ez dute zehaztu noiz joanen diren Abadiñora Falstaff no cree en la otra vida  lanarekin.

Tela Marinera: Juegos prohibidos
Mertxe Herrerak eman zuen Iortia Kultur Gunera etorriko diren antzezlanen berri. Castro Urdialeseko Tela Marinera taldekoak martxoaren 4an etorriko dira, ostiralarekin, 20:00etan. “Altsasun data arraroa da, antzezlanak beti larunbatean eskaintzen direlako, baina martxoaren 5ean beste antzezlan bat dago eta ostiralera aurreratu dugu Juegos prohibidos antzezlana” azaldu du Herrerak.

Tela Marinera 2005ean sortu zen, hainbat antzerki talderen banaketen ondoren. Alberto Mirallesen Juegos prohibidos eskainiko dute, 1952an girotutako komedia. Frankismo garaian ikastetxeak sexuka banatuta zeuden, baina nesken ikastetxe bat eta mutikoen beste bat Gerrate Zibilean eraikitako tunel batekin lotuta zeuden. Klaseen ondoren, tunel horri esker, elkartzeko aukera baliatuko dute neskek eta mutilek. Protagonistak neska-mutikoak, apaiza, moja alemaniar bat, falangista bat eta emakumeen sekzioko irakasle bat dira. El florido pensil lanaren antzera, garaiko hezkuntza nolakoa zen azalduko du.

Banarte: Guernica 1913
2007an sortu zen Banarte antzerki amateur taldea, eta Altsasura Guernica 1913 antzezlana ekarriko dute martxoaren 12an, 20:00etan. Hainbat eta hainbat sari garrantzitsu jaso ditu Rafa Arcek idatzitako obrak, 2013ko antzerki garaikidearen Espainiako Sari Nagusia tartean, eta Espainia ordezkatu zuen Canillejaseko amateur antzerki jaialdian.

Familia bat Eibarretik Gernikara doa bizitzera, lan egiteko, eta bertan lan greba bat dago. Langileak ideia oso kontserbatzaileak dituen fabrikako nagusiaren kontra daude. Asociacion de obreros pistoleros de Gernika-Lumo taldea osatuko dute eta grebara joko dute. Familia horrek albiste gogorrak jasoko ditu, haurdun geratzen den alabarena, tartean. Bestalde, apaiza langileengan eragina izaten saiatuko da, greba bukatzeko. “Azken bi urteetan behin eta berriz antzezlan hau antzezten ari dira eta oso saritua da. Sekulako aukera da Altsasura ekarri izatea” azpimarratu zuen Herrerak.

Josefina Arregui Klinikako Lagunak taldearen alde
Elkartruke programarekin antzerkia sustatzeaz gain, Tarima Beltza taldeak Josefina Arregi Klinikako Lagunak elkarteari bere babesa eman nahi izan dio. Horrela, emanaldi bakoitzean txarteldegian jasoko den %10 aipatu elkartera bideratuko da. “Jendea antzerkiaz gozatzera eta Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkartea babestera etor dadila animatzen dugu” nabarmendu zuen Herrerok. Sarreren prezioa 6 eurokoa izanen da.

Bestalde, Pedro Jimenez kultur zinegotziak Tarima Beltzak kulturaren eta artearen alde egiten duen lana azpimarratu zuen. Halaber, antzerki elkartruke hau Altsasurendako “aukera garrantzitsua” zela nabarmendu zuen, “herri ezberdinen kultura elkarbanatzen delako” eta horrek “balio handia” duelako. Tarima Beltzak, Haize Berriak bandak, Erkudengo Ama abesbatzak eta Altsasuko inauterien batzordeak elkartrukean “lan itzela” egiten dutela aipatu zuen eta Altsasuko Udaletik halako ekitaldiak babesten “gustu handiz” jarraituko dutela gaineratu zuen “gure herriko markan ezinbestekoak direlako”.