Gerraostean, bi ahizpa

Guaixe 2016ko mar. 4a, 13:04

Larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.

1936ko estatu kolpearen ondoren sortutako bi Espainien adiskidetze arazoak islatzen dituen antzezlana da Nosotras. Joan den mendeko 40ko hamarkadan kokatua dago antzezlana eta bi ahizpa dira protagonistak: Isabel (Leire Ruiz) frankista eta Josefina irakasle errepublikarra (Maiken Beitia). “Bizi, gizarte, harreman eta familia” baldintzengatik ahizpa bakoitza alde banatan dago”.

“Minagatik eta ezinikusiagatik” banatuak dauden bi ahizpak hiru egoeratan bat eginen dute eszenatokian. Aurrenekoan makiek Isabel bahituta dute. Bigarrenean, Josefina preso dago. Egoera horietan ahizpek ezin dute adiskidetzerik garatu. Azken hitzordua Mexikon da, 30 urte geroago. Bi ahizpa horiek gerraostearen eta adiskidetzearen pertsonifikazioa eta alde gizatiarra dira. “Ezin dute elkar ulertu. Elkar besarkatu nahiko lukete, baina ezin diote bereari utzi, besteari arrazoia ematea litzatekeelako”.  

Oholtzan ez dago dekoraziorik, altzari batzuek girotzen dute obra, “memoriaren ganbara moduko bat sortuz”. Aktoreak beraiek mugituko dituzte altzari horiek antzezlanean zehar.  Emanaldian zehar, une jakinetan, Francesco Casalik pianoa zuzenean jotzen du. Musika pasarte horiekin bi ahizpak eta haien aitaren karakterizazioa egiten laguntzen du Casalik.

Alberto Iglesiasen obra Migel Martinezek zuzendu du. Bi aktoreen konpainia da El Bucle eta Nosotras euren lehen ekoizpena da. Londongo antzerki dokumentalaren oinordekoa da antzezlana.