Akordeoilarien biltzarra

Guaixe 2016ko api. 19a, 15:42

Akordeoia sustatzeko festak arrakasta izan zuen.

Nafarroako Akordeoilarien Eguneko anfitrioia, Enrike Zelaia, pozik dago igandeak eman zuenarekin. Sei merinaldeetako ehun bat akordeoilari elkartu ziren Altsasun. Goiz-goizetik iritsi ziren batzuk, lagunekin gosaltzeko hitzordua zutenak. Eguerdirako zuten hitzordua. Alkatearen agurraren ondoren Altsasun barna kalejiran ibili ziren. Euren doinuekin Altsasu alaitu zuten akordeoilariek. Gainera, kalejirarako indarra izateko ibilbidean hiru pinto-potez gozatzeko aukera izan zuten. Berrikuntza hori parte-hartzaileek gogoz hartu zuten. Burunda pilotalekuak adiskidantza bazkaria hartu zuen eta mahaiaren bueltan 163 pertsona izan ziren eseri zirenak.

Egunari Zelaiak egindako bigarren ekarpena arratsaldeko jaialdia izan zen. 15 emanaldi izan ziren eta akaberan akordeoilari guztiek batera Agur, Jaunak joz despeditu ziren. Bi ordu eta erdiko iraupena izan zuen jaialdiak. Ikusleen artean “akordeoiaren aitzindaritzak” egiten duena ikustera Leondik edo Cuencatik etorritako jendea zegoen. Zelaiak esan digunez, jaialdia “paregabea” izan zen; “denei gustu zitzaien”.

Zelaiak azaldu digunez, akordeolariak halakoetan elkartzen direnean bakarka edo taldeka, baina jotzea dute gogoko. Jaialdian jotzeko nahi hori behar bezala asetzeko aukerarik izan ez zutenek ondoren frontoiko tabernan jo eta jo egon ziren. Beste batzuk Lakuntzako Lakuntzako Pertza elkartean afaltzera elkartu ziren.

Segida?
Nafarroako Akordeoilarien Egunak aurrerantzean hartu beharko lukeen ildoa zein izan beharko lukeen zehaztua utzi du Zelaiak. Etxalarren izanen da hurrengo hitzordua, 2017an. Baina aurretik antzeko zerbait egiteko aukera egon daiteke, maiatzean Iparraldean eta Sanferminen aurretik Iruñean. Badirudi, beraz, Altsasuko esperientzia errepikatzeko aukerak egon litezkeela.